Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeei begira: sigla-zopak, langabezia eta aparkalekuen arazo zaharra

Unai Brea 2019ko mai. 8a, 07:58

Getxoren ostean, Uribe Kostan hautagaitza gehien duen udala da Erandio: bederatzi. Alkategaien artean aurpegi berriak dira gehienak, eta segurua da aginte-makilak beste ugazaba bat edukiko duela laster, Joseba Goikouriak, gaur egungo alkateak, ez du karguan jarraituko eta.

Aitziber Oliban aukeratu du EAJk, Joseba Goikouriak utzitako lekua betetzeko. Olibanek ez du Erandion kargurik gaur egun, baina badaki Udalean jardutea zer den, 2003tik 2011ra bitartean zinegotzia izan zen eta. Gainera, aldamenean edukiko ditu orain gobernu-lanetan dabiltzan asko. Erandiok dituen 21 zinegotzietatik bederatzi dira EAJrenak, eta horietako sei aurtengo hauteskundeetarako jeltzaleek eman duten zerrendaren lehenengo zortzi lekuetan daude. Alde horretatik aldaketa handirik ez, honenbestez.

Are nobedade gutxiago dakar PSE-EEren zerrendak: EAJgaz batera Erandioko gobernuan dauden lau zinegotzi sozialistak dira, hain zuzen, hautagaitzako lehenengo laurak. Zerrendaburua Jorge Gonzalez da, gaur-gaurkoz Kirolak, Berdintasuna, Osasuna eta Kontsumoa Saileko zinegotzia dena. Bera da momentu honetan Erandioko Udalean jesarlekua duten alkategai bietako bat. Besteak, Rafael Vaquerok, ibilbide bihurgunetsua egin du azken urteetan: Ganemos Erandioren bitartez sartu zen Udaletxean, adskribatu gabeko zinegotzi modura eman du amaitzear dagoen agintaldiaren zatirik handiena, eta Solidaria alderdi sortu berriaren zerrendaburu modura aurkeztuko du bere burua oraingoan.

Kasu berezia da PPren alkategai Susana de Cosena ere: zinegotzia izan, bada, baina ez Erandion, bere bizilekuan baino,  Getxon alegia. Gaur egun popularren ordezkari bakarra den Aiala Eguíluzen lekua hartuko du De Cosek, ordezkaritza horri eusteko helburuagaz. Datua estrapolatzea guztiz arriskutsua bada ere, esan beharra dago azken hauteskunde orokorretan botoen % 4,8 eskuratu dituela PPk Erandion. Zinegotziren bat lortzeko, derrigorrezkoa da %5 jasotzea gutxienez.

Berrikuntzaren ildotik ere, EH Bilduk Iñaki Agirre aukeratu du bere zerrendako buru, baina oraingo zinegotzietako bi ditu hirugarren eta laugarren lekuan. Biak sartzeko, orain dela lau urteko emaitza hobetu beharko du koalizioak. Momentuz, baikortasuna eragin du apirilaren 28an lortutakoak: 2016ko hauteskunde orokorretan baino 400 boto inguru gehiago.

Ganemos, Podemos eta beste

2015eko udal-hauteskundeetan, herriko bigarren indarra Ganemos Erandio izan zen. Lau zinegotzi lortu zituzten orduko hartan, baina hiru geratu zitzaizkien arestian aipatutako Rafael Vaquerok taldea utzi zuenean. Sasoi hartan Ganemos soilik zen euren izena; oraingoan, baina, ezinbestean Erandio «abizena» gehitu behar izan dute, beste hautagaitza bat aurkeztu baita Ganemos izenagaz. Horri gehitu egin behar zaio Elkarrekin Podemosek ere udal-hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartu izana. Saia gaitezen korapiloa askatzen.

"Orain dela lau urte Podemosek udal-hauteskundeetara ez joatea erabaki zuen", azaldu digu Ganemos Erandioko zerrendaburu Javi Bilbao Tudancak, "eta ondoren tokia tokiko hautagaitzak sortu ziren". Bilbaok berak harreman estua izan du Podemosegaz, eta horregatik alderdi moreagaz lotu izan da Ganemos Erandio, "behin eta berriro esan dugun arren gu ez garela Podemos; guk herrian egiten dugu politika, alderdi tradizionalen aurka borroka egiten duen herritar-talde bat gara". Saiatu dira Erandion Ganemos izena duen beste hautagaitza aurkeztu ez dadin, baian azkenean hauteskunde batzordeak baimendu egin du biek hauteskundeetan parte hartzea.

Esparru ideologiko bertsuan dabiltzan hainbeste siglak herritarrak nahastuko ote dituen galdetuta, ezetz dio Bilbaok: "Jendeak ondo daki nor egon den azken lau urteetan euren eskubideen alde Udaletxean lanean». Antzeko ustea du Elkarrekin Podemosek. Bertako iturrien esanetan, Eusko Legebiltzarrean koalizioak egindako lanari esker herritarrek «ondo dakite nortzuk garen". Maiatzaren 26an ikusiko da emaitza.

Hautagaitzen multzoa osatzeko, beste mutur ideologikora joan behar dugu: Voxena izango da Erandion aurkeztuko den bederatzigarren zerrenda. Botoen % 1,6 jaso zuten apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan.

Hautagaien proposamenak

"Langabeziaren kontrako borroka, gizarte-prestazioak eta herrigunetik urrun dauden bizitokiei eman beharreko arreta eta zerbitzua" dira 2015-2019 legealdirako Aitziber Oliban EAJren hautagaiak dituen lehentasunezko helburuak. Erandion sarri aipatzen den aparkalekuen arazoaz ere kontziente dela aitortzen du Olibanek, eta arlo hori hobetzeko lan egingo duela dio, baita ere kirol-zerbitzuen gabeziak konpontzeko.

Ganemos Erandiok mezu argia eman digu Javi Bilbaoren ahotik: "Alderdi tradizionalei aurre egiteko hemen dagoen alternatiba bakarra gurea eta EH Bildurena da, ez dago besterik; guk ez dugu beste inorekin gobernu-akordiorik egingo, ez gara egongo zerbitzu publikoak pribatizatu dituzten EAJ eta PSErekin". Bilbaoren iritziz, EAJk eta Podemosek Pedro Sánchez babesten badute Madrilen, zaila izango da hiruko harreman hori udaletara ez eroatea. Zerbitzu publikoen kudeaketa berriro udalaren esku uztea eta herritarren parte-hartzea benetakoa eta erabatekoa izan dadin tresnak ipintzea dira Ganemos Erandioren egitasmoaren ardatzetako batzuk.

PSE-EEk udal-gobernuan egindako lanaren balioa azpimarratu du. Jorge Gonzalez alkategaiaren berbetan, sozialistek kudeatu dituzten arloek inoiz baino baliabide gehiago izan dute, eta besteak beste gizarte-ekintzan egindako lana azpimarratu du. Uribe Kostan langabezia handiena duen udala Erandio dela gogorarazi, eta "industriarentzat erakargarriak izateko" beharra aldarrikatu du.

EH Bilduren proposamenen artean Tartanga ingurua aisialdirako gune bihurtzea dago, inguru horretan ehunka etxebizitza eraiki gura dituzten honetan. Altzagan eta Astrabuduan aparkaleku publikoak egitearen alde lan egingo duela iragarri du koalizioak: "Kaleak pertsonentzat berreskuratu nahi ditugu", azaldu du Iñaki Agirre hautagaiak, "eta merkataritza sustatzeko programak martxan ipini". PPk, azkenik, Tartangako planaz berriro hausnar dadila gura du, eta aparkalekuen arazoari aurre egiteko udaleko indar denek plan estrategiko bat gara dadila, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun