Zinegotzi bakoitzaren soldata mantendu arren guztizko gastua handituko dela salatu du Erandioko oposizioak

Unai Brea 2019ko uzt. 16a, 15:38

Atzoko osoko bilkuran onartu ziren Erandioko alkatearentzako eta liberatutako zinegotzientzako soldatak. Banan-banako kopuruak orain dela lau urteen berdinak dira, baina liberazio gehiago egongo da. Gastua urtero ia 100.000 euro handiagoa izango dela salatu du oposizioak.  

Besteak beste Udalbatzako kideen soldatak zenbatekoak izango diren eztabaidatu zen uztailaren 15eko bilkuran. Alkatearena orain lau urte ezarritako bera izango da: 72.703 euro urtean. Horrez gain, jardun osoko beste hiru soldata onartu zuten berriki gobernurako akordioa aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk. Horietako bat Lurralde Saileko koordinatzailearentzat izango da (EAJ), eta bestea Enplegu, familia Barruko Indarkeria eta Turismo zinegotziarentzat (PSE-EE). 59.980 euro jasoko ditu horietako bakoitzak. 

Legeak ezartzen du oposizioko kide bat ere soldatagaz liberatzea. EH Bildu izan denez gobernuan ez daudenetatik alderdi bozkatuena, haren zinegotzi bati esleitu zaizkio 53.982 euro. Koalizioak iragarri du ez duela kopuru hori kobratuko, gehiegizkoa delakoan.

Kopuru horiek ere aurreko agintaldiko berak dira, eta berdin jazotzen da liberazio partzialaz. Zehazki, gobernua osatuko duten alderdi biek horietako lau aurreikusi dituzte agintaldi honetarako. Jardun erdiko bi eta (hemen dator nobedadea) jardunaren hiru laurdeneko beste bi. Urteko soldata 29,989koa izango da lehenengo multzokoentzat, eta 44.985ekoa bigarrenekoentzat.

Liberazio bi horiek sortzea izan da oposizioak kritikatu dituen gauzetako bat, kopuru zehatzetan guztiz bat ez datozen arren. EH Bilduk dio liberazioen gastua 94.000 eurotan handitzea ekarriko duela neurriak (%23,8ko igoera), eta Elkarrekin Podemosek, berriz, 98.000 eurokoa direla esan du. 

Jaitsiera eskatu dute

Soldatak mantendu arren gehiegizkotzat ditu EH Bilduk, horregatik esan du ez duela berea hartuko, eta liberatu denentzat gutxienez % 25eko jaitsiera eskatu du. "Erandio ez da nabarmentzen herri aberatsa izateagatik", azaldu zuten osoko bilkuran, "ez da zilegi halako soldata-arrakala planteatzea udal ordezkarien eta herritarren artean". INE institutuaren arabera Erandioko aurreko alkateak espainiar Estatuko  alkate denen artean 17. soldatarik handiena zuela gaineratu zuten. "Zuek bide beretik zoazte", leporatu zioten gobernuko alderdiei.

Alkatearen soldata urteko 54.000 eurokoa ipini zuen mahai gainean EH Bilduk. Talde politikoentzat, berriz, lau zinegotziko liberazio bat egon zedila eskatu zuten, eta kopuru horretara ailegatzen ez direnentzat erdia. Hau da, EAJk libertatu oso bi, PSE-EEk eta EH Bilduk bana eta Elkarrekin Podemosek erdia izan zezatela, gobernuko kideen kasuan 45.000 euro kobratuta, eta oposiziokoenean 40.500, edo dagokion proportzioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun