Agintaldi honetarako gobernu-akordioa aurkeztu dute Erandioko EAJk eta PSE-EEk

Unai Brea 2019ko uzt. 10a, 13:59

Aitziber Oliban (EAJ) alkatea eta Jorge Gonzalez PSE-EEko zinegotzia, akordioa aurkezten. © ERANDIOKO UDALA

Beste lau urtez gobernu-akordioa egin dute EAJk eta PSE-EEk Erandion. Gaur horren berri eman eta gobernu-programak izango dituen puntuak aurkeztu dituzte Udaletxean. Sailetako ardurak zelan banatuko diren ere azaldu dute.

Aitziber Oliban (EAJ) alkatea eta Jorge Gonzalez PSE-EEko zinegotzia agertu dira aurreko legegintzaldian legez jeltzaleek eta sozialistek akordioa egin dutela iragartzeko. "Gure udalaren arazo nagusien diagnostiko bateratua egin dugu: langabezia eta politika sozialak; eta oinarrizko egitarau baten inguruko akordioa egitea aukeratu dugu", esan dute. "Akordio horren funtsa oinarrizko zerbitzuak bermatzea, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea, zerbitzu sozialak mantentzea, gardenak izatea eta erandioztarrentzat aukerak areagotzea da".

Aurreko agintaldian hartutako konpromisoei eutsi eta datozen lau urteetarako eguneratzeko asmoa agertu dute alderdi biek. Proiektu zehatzen zerrenda bat ere aurkeztu dute:

  • Plaiabarri-Sakoni inguruan industria-jarduera sustatzea
  • Enplegu planak indartzea, giza talde zaurgarrienei begira batez ere: gazteak, langabezian denbora luzea daroatenak eta 45 urtetik gorakoak
  • Aparkalekuetarako eta mugikortasunerako plan integrala egitea
  • Itsasadar ertzean ibiltoki-bidegorri bat eraikitzea erraztea
  • Astrabuduko hezegunea berreskuratzea
  • Adinekoen segurtasuna, osasuna eta parte-hartzea hobetzea; adinekoen behatokia sortzea
  • Zerbitzu sozialak indartzea
  • Parte-hartze prozesu berriak eta herritarren kontsultak sustatzea
  • Espedienteen digitalizazioa eta paper bako kultura bultzatzea, kostuak murrizteko

Era berean, sail bakoitzaren ardura nork izango duen azaldu dute:

  • Hirigintza, Hiri-plangintza eta Kudeaketa, Udal Etxebizitzak, Lan eta Zerbitzuak, Ingurumena eta Jabetza Publikoko bideak: EAJ
  • Kultura, Kirola eta Euskara: EAJ
  • Ekonomiaren Sustapena, Tokiko Garapena eta Merkataritza: EAJ
  • Enplegua, Turismoa eta Berdintasuna, Familia barruko Indarkeria: PSE-EE
  • Gizarte Ekintza, San Jose egoitza, Eguneko Zentroa, Garapenerako Lankidetza: PSE-EE
  • Hezkuntza, Musika Eskola eta Gazteria: EAJ
  • Funtzio Publikoa, Giza Baliabideen Kudeaketa, Udaltzaingoa: EAJ
  • Ogasuna, Udal Ondarea, Kontuen Batzorde Berezia: EAJ
  • Osasun Publikoa eta Kontsumoa: PSE-EE
  • Berrikuntza, Komunikazioa eta Herritarren Parte-hartzea: EAJ
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun