Faoetan egin zen lehenengo Kanpomartxo 1994an, Berbots Erandioko euskaltzaleen topagunea jaio eta gutxira. Ordutik hona jaiak herriari gauza on asko eman dizkiola uste du Berbotsek, baina hainbat arrazoirengatik ekimenari "bere horretan" eusten jarraitzea zaila dela esan dute.
Kanpomartxok gauza on asko eman dituela dio Berbotsek, baina ekimenari "bere horretan" eusten jarraitzea zaila dela uste dute
Antolatzaileen esanetan, jendetza elkartzen da urtero Erandioko auzo "periferiko" batean egiten den euskararen aldeko jaian, eta jendetzak hartzen du parte antolakuntza-lanetan. Kanpomartxoren bitartez, Berbotsek Erandiori "auzolana, herri-izaera indartzeko aukera, eragileen arteko elkarlana, euskaldunak eta euskaltzaleak elkartzeko gunea eta euskara ardatza duen jaiegun erakargarria" eman dizkiola diote, baina badira ere jaiegun hori egiteari uztera behartu dezaketen faktoreak.
Jaia antolatzeko errelebo-falta da aipatzen duten arrazoietako bat, baina ez bakarra. Esate baterako, euskaldunen eta euskaltzaleen topagunea izan arren Kanpomartxon euskararen erabilera ez da gura luketen adinakoa, eta bestalde, administrazioak edozein ekitaldi egiteko "gero eta baldintza zailagoak" ipintzen dituela adierazi dute.
Egoerak hausnarketa eskatzen duelakoan, elkartearen batzar nagusi irekira deitu dute, urriaren 25ean, 18:00etatik 20:00etara. Aurretik herritarren ekarpenak jaso gura dituzte, eta urriaren 11n ipini dute horiek bidaltzeko epemuga. Lana errazteko, web bidezko formulario bat sortu dute.
Formulario horretan, besteak beste, Kanpomartxoren gaur egungo moldeari eusteaz edo bertan behera uzteaz galdetzen dute, baita ere jaieguna egiteko maiztasunik egokienaz. Jaian zer aldaketa egin litekeen eta erantzuten dutenek antolakuntzan parte hartuko luketen ere galdetzen dute.