Elkarrizketak

Berbots: "Euskara, kultura eta herria ondo uztartu dira Kanpomartxon"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko api. 22a, 08:30
Eider Belasko eta Josu Zarate, Kanpomartxoko kartelagaz. CCBYSA HODEI TORRES - HIRUKA

Berbots Erandioko euskaltzaleen topaguneak jaio eta gutxira antolatu zuen lehen Kanpomartxo, 1994an. Atzo, domekan, 25. urteurrena ospatu zuten. Marian de la Fuente Berbotseko kide zenari omenaldia egin zioten.

Aurten 25 urte bete du Kanpomartxok, aste-akabu honetan. Zer berezitasun egongo dira?

EIDER BELASKO: Jaia domekan bakarrik ospatu beharrean, ohiko Kanpomartxo dena, barikutik hasiko gara. Gura genuen zer edo zer xumea egin, gure artekoa, eta Motaganen eduki dugu Mursego kantautorearen emanaldia. Zapatuan, berriz, lotuta genuen dantza-plaza, 19:00etan. Ondoren, Garilak 26ren kolaborazio berezia egon zen, eurek egin zutelako Kanpomartxoren kanta garai batean. En Tol Sarmiento taldeagaz jardun zuten. Domekan, Akarlandan ospatuko dugu Kanpomartxo. Leku berezi bat hautatu zen 25. urteurrenerako, auzoetatik kanpo, orain arteko ohitura moldatuta. Akarlanda Erandioren barruan dagoenez eta parkea gune handia eta berdegunea denez, gure ospakizuna han egitea erabaki genuen, ohiko formatuan.

Domekan zertaz gozatu ahal izango da?

JOSU ZARATE: Jendea goizean goiz abiatuko da harantz. Ailegatzean, 10:00etan, agur beroa emango diogu gure Marian zenari. Ostera, 11:00etan hasiko dugu ohiko programazioa; Musika Eskolako trikitilariek eta pandero-joleek alaituko dute giroa. Ondoren, herrian dauzkagun hiru dantza-taldeen emanaldia izango da, eta ostean bertsotan ibiliko dira payatarrak, Fredi eta Xabi.

E. B.: Itxaso ere gonbidatuta zegoen, baina ezin zuen.

J. Z.: Guretzat bikote hori berezia da, Kanpomartxora ia urtero agertu direlako, nahiz eta eurek bertso-saiorik ez eduki. Lehenengo aldiz etorri zirenean gazte-gaztetxoak ziren, zer edo zer esateagatik. Ondoren, sabelera ere zerbait sartu behar denez, herri-bazkaria egongo da. Alde batetik, bakoitzak berea ekarrita eta, beste aldetik, paella prestatuko da denontzat. Txartela bertan har daiteke.

Eta arrastian?

J. Z.: Bazkaldu ostean, Kanpomartxoko beste lagun on eta zahar bategaz izango gara, Roberto Etxebarriagaz. Kantaguneak lagunduta hainbat kantu abestuko ditugu. Umeentzako erromeria berezia izango da geroago, eta ondoren nagusioi tokatuko zaigu gorputza astintzea, Luhartz taldeagaz. Horiek ere urterokoak. Eta gero, datorrena datorrela!

Umeek ere euren plana egin dezakete, ezta?

E. B.: Umeentzat badira tailerrak, goizean, eta puzgarriak, goiz eta arrastian. Gainera, gurasoen elkarteek arrastian umeentzako jolasak eta disko-festa edo erromeria antolatuko dituzte. Bestalde, aurten nobedade modura, Akarlandan dagoen Forestal Park abentura-parkean aukera dago bidaiatzeko, baldintza batzuekaz. Horretarako txartela txosnan hartu eta bertako etxolara joan, hamabi euro ordaindu eta ordutegian izena eman daiteke. Sei urtez gorako denek aukera daukate.

Kanpomartxoko ekitaldi bat Astrabuduan izatea nobedadea da, ezta?

J. Z.: Bai. Berbots 1993an sortu zen eta kezka geneukan herriari zelan ezagutarazi euskara-elkarte bat sortu zela, zertarako zen, zer egin gura zuen, zer ez zen egin behar, zein zen helburua eta abar. Horren bueltan ibili ginen. Batzuk gaztetan ibiliak ginen Erandioko auzoetan galdetzen Aratusteetan zer edo zer egiten ote zen eta lortu genuen informazioen artean zahar batek esan zigun bere gazte-garaian kuadrillan edo familian egiten zutela udaberri-hasieran landa batera edo mendira joan, han sua egin eta bazkaldu. Ideia hori hartu eta euskararen gaineko ikuspegia eman genion. Herriko hainbat taldegaz berba egin genuen, bakoitzak bere ekarpena egin zezan, zekiena egiteko. Landan egin beharra zegoenez hori, ahalegindu ginen kaleetatik ateratzen: auzo nagusietan ez dugu inoiz egin, ez Altzagan eta ez Astrabuduan. Bai egin dugu Erandiogoikoan eta Lutxanan, nahiz eta Lutxanan asfaltoa egon, baina tamaina txikiko auzoa da. Beti saiatu gara hiri-nukleoetatik aparte egiten. Baina aurten berezia denez, Astrabuduari horrelako keinu bat egin diogu.

E. B.: Beste batzuetan, bezperetan ere izan dira ekimenak, Erandiogoikoan Ruperrek jo zuenean, berbarako.

J. Z.: Bai, 20. urteurrenean zer edo zer berezia egin genuen hor ere.

Jendeak galdetzen dizue zer esan gura duen ‘Kanpomartxo’ berbak?

J. Z.: Ez. Ez dakit dakiten edo ez, baina ez dute galdetzen.

E. B.: Batzuek diote «martxotik kanpo» dela, kar, kar, kar! Ez dute ikusten batzuetan martxoan egiten dela?

J. Z.: Agian azaldu behar da nondik datorren: martxoagaz ez dauka inolako zerikusirik. Nik jasotako informazioa zen udaberri-hasieran egiten zela. Hala, lotu ginen martxo-apirilean, Aste Santu inguruan, baina izatez, benetan, Aratusteen aurreko domekan egiten zuten. Eta izena dator «kanpora artxo» esamoldetik, okela jateko azken domeka hura zelako; gero Garizuma sartzen zen. Beste leku batzuetan Txitxiburduntzi edo Basokopeitsu esaten diote. Guk pasatu genuen udaberrira eta baten batek esan zigun «zelan egiten duzue kanpomartxo apirila amaieran? Hori da Aratusteak baino lehen!». Baina daborduko hasiak ginen Aste Santuaren bueltan egiten, eta gainera otsailean egunak laburtxoagoak dira, 18:00etan dagoeneko iluna da eta sasoi honetan, ostera, 20:30ean oraindino argia dago. Bestaldetik, eguraldia ere suposatzen da hobea izango dela. Hala izan da orain arte: 25. edizioa izango da hau eta orain artean euria birritan edo hirutan bota du, gehiagotan ez. Aurten espero dezagun ezetz, baina aurtengo negua berezia da. Udaberrian baino neguazkenean gaude.

E. B.: Edozein kasutan, karpa daukagu!

Zelan antolatu zenuten lehenengo Kanpomartxo?

J. Z.: Gogorra izan zen! Jaia prestatzeko, Jokin Malats-Etxebarriak ETBko "Gezurra nagusi" txapelketan parte hartu eta «orduko» 180.000 pezeta eskuratu zituen. Erandioko jende gehiago joan zen hara, tartean gure Marian. Jose Felipe Auzmendik aurkezten zuen saioa. Bestalde, Kanpomartxoren aurreko egunean ibili ginen txosna muntatzen, gaua han ematen txosna zaintzeko; domeka gauean ere baten batek geratu behar izan zuen zaintzen… Gainera, kuadrillatxo bat egon zen han, botatzeko modurik ez zegoena… eta ez dakit zein ordutan amaitu zuten… edo genuen… Lortu gura genuen helburua lehenengo ediziotik lortu genuen: elkarlanean eta komunean antolatzea, bakoitzak ahal zuena egiten. Koordinazioa eta elkarlana oso polita izan zen.

Faoetan errepikatu zenuten 1999an. Ordutik hona ez da bertan berriro egin. Arazoren bat suertatu da?

J. Z.: Ez, kontrakoa. Faoetako jendea oso ondo portatu da beti gugaz, eta seguru desiratzen daudela berriro han egiteko. Baina jokoa banatu beharra dago apur bat.

E. B.: Leku bakoitzean gutxienez birritan egin da.

J. Z.: Erandiogoikoan lautan. Azkena berezia izan zen Goi-Alde dantza-taldearen 50. urteurrena izan zelako. Eta gero hirutan egin da Martiartun, Santimamin eta Lutxanan. Hurrengoa tokatuko da bitan egin den baten batean edo Enekurin, behin bakarrik egin dena.

Balorazio ona eginda, urtero errepikatu duzue.

J. Z.: Bai, hala da. Gainera, elkarlanagaz batera, garrantzitsua da udalerria ezagutaraztea. Gure asmoa izan zen lehenengo urtetik urtero-urtero lekuz aldatzea, urte bakoitzean auzo edo leku diferente batean egitea, jendeak herria ezagut dezan, askotan etxe inguruan dauden lau kaleetatik besterik ez gara ibiltzen. Hor uste dut lortu dela auzo denetako jendea elkar ezagutzea eta harreman polita izatea. Auzoetako jaiek mantentzen dute auzo bakoitzeko identitatea, baina Kanpomartxok Erandio osoko jaia izatea lortu du.

Kanpomartxoren izaera aldarazi duen mugarririk izan da?

J. Z.: Eboluzio nahiko naturala izan du; ez da kontu arraro edo berezirik izan. Bere bidea egin du eta egiten segitzen du Kanpomartxok. Lehenengo urtekoa ez da aurtengoa. Bakarrik doan kontu bat da.

E. B.: Modu berean parte hartzen duten elkarteen jendea ere badoa aldatzen. Gurasoen elkartean, berbarako, aldaketa dago, gazteagoak dira.

Zelangoa da gaur egun gazteen parte-hartzea Kanpomartxon?

E. B.: Txandetan eta horrelakoetan laguntzen dute. Atzera egiten badugu, egon ziren urte batzuk indar gehiago egon zena hainbat auzotan, baina gazte haiek daborduko helduagoak dira eta euren ordez beste batzuk sartzen dabiltza elkarteen ordezkari gisa.

Gaur egun zer da gehiago Kanpomartxo? Euskararen, kulturaren ala erandioztarren jaia?

J. Z.: Esango nuke badela dena batera. Horren nahastea ez, uztartzea da: euskara, kultura eta herria hiru osagai horiek ondo uztartu dira jai horretan. Eta herriak bere egin du jai hori.

E. B.: Egutegian ipinita dute noiz izango den.

J. Z.: Eta jendeak galdetzen du: “aurten non egingo duzue?”.

Azken urteotan ekimenak egin dituzue Kanpomartxon euskara gehiago entzun dadin. Zer emaitza izan duzue?

J. Z.: Edizio batean, uste dut 2005eko Kanpomartxo izan zela, Erandiogoikoan, ikaratu ginen, horrenbeste jende ikusita. Eta hor, gainera, igerri genuen euskara bai, baina… Horrenbeste jendea eta giro ezberdinetako jendea biltzen denean, zailagoa da. Eta konturatu ginen zaindu egin behar genuela, Kanpomartxo desbideratu ez dadin. Baina gaur egun uste dut badoala, zer edo zer zuzendu egin dugula lema.

E. B.: Hurreratzen denak badaki Berbotsek eta elkarteek antolatzen duten ospakizun bat dela, euskararen aldekoa, eta kontzienteki, bere egunerokotasunean euskara erabiltzen ez duen jendeak aldaketa hori egiten du batzuetan, nahiz eta zailtasunak izan. Bai egon dira urteak entzun duguna goizean goiz hainbat pertsona beste modu batean eta gure buruari galdetu diogu “honetara zertara gatoz?”. Hau ez da jai bat bakarrik.

J. Z.: Jendea konturatzen da jaia izateaz gainera badagoela beste osagai bi: kulturarena eta euskararena. Normalean errespetu handiz dabil jendea eta kontuan hartzen du hori.

Bestelakorik esateko?

E. B.: Denok gonbidatuta zaudetela etortzera. Hori bai, Kanpomartxoko autobusean etorri, ez autoz. Zuen bazkaria ekar dezakezue, herri-bazkaria ere badago, aulkiak… Giroa betiko legez ona izango da eta ondo pasatuko dugu.

Ekimenaren kartela

Erlazionatuak

Marian de la Fuente hil da

Iker Rincon Moreno 2018 api 14 Erandio   Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun