LAB sindikatuko ordezkari batek HIRUKAri azaldu dionez, atzotik dago Cables y Alambres lehiaketa-egoeran. Behargin denak etxera bidali zituzten ordaindutako baimenagaz, produkzioa behin betiko etenda dagoela argudiatuta.
"Ez dakigu zer egin gura duten barruan daude gauzakaz, zer preziotan salduko duten... Ez dakigu ezer", adierazi dute langileek, "behin produkzioa etenda, fabrika barruko stocka da geratzen zaigun gauza bakarra, eta hori babesteko gaude hemen". Langileek enpresari esan diote materialaren salmentaren etekinak soldatak ordaintzeko erabili behar dituztela, edo bestela ez dutela utziko fabrika husten. Momentu honetan, gutxi gorabehera hiru hilabeteko soldata zor zaie beharginei.
Gaur goizean kamioi bat saiatu da Cables y Alambresen sartzen, baina langileek oztopatuta alde egin du. Ertzaintza ere joan da bertara, baina ez da istilurik izan. Aste-akabuan eta datorren asteko lehenengo egunetan momentu denetan nor edo nor lantegia zaintzen egon dadin txandak antolatu dituzte beharginek. "Vicinayk 2015ean enpresa bereganatu zuenetik kudeaketa negargarria izan da", azaldu dute beharginek, "ez dute inolako inbertsiorik egin, abandonatu egin gintuzten, eta fabrika penagarri dago; gainera, oso ohikoa izan da soldatak berandu kobratzea. Benetako apustua egin ezean honen patua ixtea zela aspaldi ohartarazi genuen, eta azkenean halaxe gertatu da".
Langileen ustez, ez da kasualitatea Erandioko Udalaren HAPOan enpresa dagoen lurzoruak etxebizitzak egiteko kalifikazioa izatea. Sare sozialen bidez zabaldu dutenez, "milioi askoko operazioa da, ehun familia baino gehiago utziko dituena egoera larrian".
"Ixtera kondenatu dute"
Cables y Alambreseko enpresa-batzordeak ohar baten bideaz adierazi du Vicinay dela lantokia ixtearen erantzulea. "2015ean enpresa erosi zutenean, langileak eurak ziren akziodunak, eta fabrika dagoen lurzorua Eusko Jaurlaritzarena zen; Vicinay dena erosi zuen". Batzordearen esanetan multinazionalak hitz eman zuen hamar euroko inbertsioa egingo zuela, 40 langile gehiago kontratatuko zituela, eta ekoizpean % 70 handituko zuela.
Aitzitik, langile-kopurua gutxitu egin dela salatu du enpresa-batzordeak, eta inbertsioak ez direla nahikoa izan ekoizpena handitu eta beharginen segurtasuna bermatzeko.
Oharrean gehitu dutenez, Vicinayk langileei esan die aurrerantzean ere ez dutela soldatarik kobratuko. 122 behargin zebiltzan bertan, eta beste 50entzat zeharkako lana sortzen zuen Cables y Alambresek.