Cables y Alambres SA enpresako beharginen oharra
CAESAko 130 langileren enplegua eta proiektu industriala arriskuan!
2015. urtean, Vicinay Taldeak Cables y Alambres SA (CAESA) erosi zuen. Operazio hartan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartu zuten. Taldeak 10 milioi eurotako inbertsioa egingo zuela agindu zuen, ekoizpena %70 handituko zuela eta 40 lanpostu berri sortuko zituela. Egun, ordutik hiru urte igaro direnean, aurrez aurre daukagun errealitatea hurrengoa da:
1.- Inbertsiorik ez eta lan-istripuak eguneroko ogia.
Instalazioa eta makineria egoera tamalgarrian, horrek lantokiaren ekoizpen gaitasunari zuzenean eragiteaz gain, langileen segurtasuna eta osasuna arrisku jartzen du etengabe.
Hain zuzen ere, ezin dugu ahaztu irailean jazo zen lan-istripua, langile baten heriotza ekarri zuena; ezta 2018. urtean jadanik Euskal Herrian jasan behar izan ditugun 27 lan-istripu hilgarriak ere. 27 hildako 6 hilabetetan. Datuok eskandalu bat dira eta guztion erantzukizuna eskatzen dute.
2.- Azaroaz geroztik nominen ordainketan etengabeko atzerapenak jazo dira.
Kobratu dugun azken nomina maiatzekoa da eta uztailean gaude. Enpresak eman digun informazioaren arabera, egoera honek ez du hobetzeko itxurarik, epe motz-ertainean behintzat.
3.- Erandioko Udalak proposatu duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurreratze Agiriak aurreikusten du lantegiak betetzen duen orubea birkalifikatuko dela, hiri-erabilera emanez.
Urrats bat emateko ordua iritsi da. Gure eskaria argia da, etorkizuna izango duen industria-proiektua, egungo enplegua bermatuko duena eta lan-baldintza duinak CAESAko langile guztiontzat.
Eskatzen duguna justua izateaz gain, langileontzako alternatiba bakarra da.
Hortaz, CAESAri eta Grupo Vicinayri nahiz Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari, udal-taldeei eta Erandioko alkateari lan-proposamen bat egin diegu, guztion artean industria-plan bat hitzartu ahal izateko, hurrengo gaien inguruan:
- Egungo plantilla osoari enplegua bermatuko zaio.
- Industria-proiektuaren garapena eta bideragarritasuna ahalbidetuko duen adinako inbertsioa, langileon segurtasun- eta osasun-baldintzak bermatuko dituena.
- Orubea birkalifikatuko balitz, Erandioko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurreratze Agirian aurreikusten den bezala, Vicinayk konpromiso hartzea udalerri berean legokeen beste nonbaitera eramatera industria-proiektua eta langile guztion enplegua ziurtatzea.
Akordioa erdiesteko, eragile guztion inplikazioa behar dugu: Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udala eta alderdi politikoak. Horregatik, hurrengo eskari zehatzak erregistratu ditugu:
- Eusko Jaurlaritzari: Grupo Vicinayk CAESA erosi zuenean, 2015eko martxoan, bere gain hartu zituen konpromisoak bete diren zorrozki aztertu eta gainbegiratu ditzala. Enpresa-proiektuaren iraunkortasuna bermatzeko asmoarekin.
- Aldundiari: enpresak gaur egun bizi duen benetako egoerari buruzko analisia egin dezala, eta Sustapen eta Ekonomia Garapen Sailaren bidez landu dezala industria-plan berria, enpresa-proiektuaren egungo eta etorkizuneko iraunkortasuna ahalbidetuko duena.
- Alkateari: zuzenean inplikatu dadila honetan, Eusko Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin edota Vicinay taldearekin burutu nahi izango diren ekimenetan, nahiz udalean industria babesteko; eta hortaz, enplegua eta langileen lan baldintzak babestearren antola daitezkeen edozein aukeretan parte hartuz eta lagunduz.
Gaur CAESAko langileok borroka abiatu dugu, industria-proiektuaren defentsan, enpleguaren defentsan eta lan-baldintza duinen defentsan. Ez dugu etsiko gure eskubideak lortu arte!