Bizkaian Berbalagun duzu Mintzalaguna. Ekimena ondo ezagutzen du Idoia Ibarlucea Elosegui erandioztarrak, Uribe Kostan hura koordinatzea zer den ondo daki eta. Oraingoan jaioterrian ere beteko du zeregin hori, Berbots Euskaltzaleen Topagunearen eskumenez.
Urte mordoa daroa Berbotsek Berbalaguna antolatzen...
Bai, 2006. urtean hasi zen Berbots egitasmoa dinamizatzen. Ordutik hona hainbat dinamizatzaile izan dira, eta Udala, Euskara Zerbitzua, Udal Euskaltegia eta ikastetxeak izan ditugu bidelagun. Ikasturte bakoitzean aldatu egin da talde-kopurua, baina izan dira urtez urte izena eman duten berbalagunak ere.
Zer zailtasun du Erandion euskara sustatzeak?
Euskararen ezagutza erabilera baino handiagoa den herri guztietan bezala, euskal hiztunek zailtasunak dituzte egunero euskara erabiltzeko esparru guztietan. Euskaraldiari esker erabilerak gora egin du, baina hori ez da gizartearen esparru guztietan behar beste mamitu. Bestetik, askotan entzun ohi dugu gurasoen eta umeen arteko erabilerak gora egin duela; hala ere, gorakada hori ez da hain nabaria izan helduen arteko harremanetan. Horiei begira ere Gurasolagun programa dugu martxan, astero familiei zuzendutako taldetxoak daude, euren erritmora egokituta, eta eskolaren kanpoaldean edo parkeetan geratzen dira.
"Euskararen ezagutza erabilera baino handiagoa den herri guztietan bezala, euskal hiztunek zailtasunak dituzte egunero esparru guztietan euskara erabiltzeko"
Zertan zabiltzate orain?
Berbalagun egitasmoan izena emateko kanpaina egiten, ohiko bideetatik: kartelak, sare sozialak, Udalaren aldizkaria eta webgunea… Gaur egungo gizarteak egunero erabiltzen dituen bideak ere jarriko ditugu erandioztarren eskura: Instagram (@berbotseuskaraz) eta WhatsApp (621 270 546). Erandioko gaztetxo eta ez hain gaztetxoengana heltzeko erabili beharreko tresnak dira, eta adin-tarte horietara zuzendutako taldetxoak sortzeko asmoa dugu, haien ordutegiei eta zaletasunei begira; ekintza osagarriak egiteko orduan, haien aisialdian euskara ere apurka sartzeko asmoz.
Euskaltegi eta ikastetxeetara ere joko duzue.
Berbalagunak topa ditzakegu han. Hizkuntza bat ikastean, askotan mintzamenean kale egiten dugu, lotsagatik, beldurragatik… Berbalagun proiektuak onura ekar diezaieke ikasleei, astero ordubetez euskaraz lasai berba egin dezaketelako, presiorik gabe.