Langile-batzordeak adierazi duenez, hiru hartzaile nagusi izango ditu bihar Erandioko kaleetan zabalduko duten enpresa ez ixteko aldarriak: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Vicinay multinazionala, 2015etik Cables y Alambresen ugazaba dena.
Sarritan azaldu duten bezala, langileek Vicinayri leporatzen diote lantokia abandonatu izana: "Nahita gerarazi dute ekoizpena, eta beharginoi etxera joateko agindu digute". Salatu dute hiru hilabete inguru daroatzatela kobratu barik eta enpresak iragarri diela etorkizunean ere ez dutela kobratzerik izango. Oraingoz, konkurtso-administratzailea nor izango den ere ez dakite.
Irailaren 27an kamioiak bidali zituzten fabrika-barruko materiala ateratzeko, baina langileek sarbidea oztopatu zieten eta harrezkeroztik bertan daude, eguneko 24 orduetan kanpatuta: "Behin produkzioa etenda, fabrika barruko stocka da geratzen zaigun gauza bakarra, eta hori babesteko gaude hemen", azaldu zioten HIRUKAri orduko hartan.
Langileen esanetan, Cables y Alambresek aurrera egiteko baldintzak egon badaude, plan egoki bat garatuz gero. "Oraindik diogu negozioa errentagarria dela", adierazi dute biharko manifestaziora deitzeko zabaldutako oharrean, "gure lantokia bakarra da Espainiako Estatuan kablea ekoizten, eta gure bezero-zorroa zabala da".
19:00etan hasiko da mobilizazioa, Erandioko udaletxeko plazan. Antolatzaileek herriko negozioen ugazabei eskatu diete ordu horretan pertsianak itxi eta manifestazioak iraute duen bitartean berriro ez irekitzeko, Cables y Alambreseko langileekiko elkartasun-keinu modura.