Elkarrizketak

"Badakigu nor garen baina ez nondik gatozen"

Unai Brea 2019ko urr. 13a, 17:37

XVI. mendera arteko bere arbasoen ikerketa sakona egin du Aurrekoetxeak liburua osatzeko. UNAI BREA

Aiara haraneko urkien basoa izenburua ipini dio Txetxu Aurrekoetxea erandioztar ezagunak bere bosgarren liburuari. Oraingoan bere erroak ikertzea erabaki du Aurrekoetxeak, eta emaitza hiru liburuki izango dituen lan mardulean jaso du; hori bai, liburua bera ez du jendartean zabalduko, familian geratuko da. Egindako lanaren aitzakian haregaz berba egin dugu erroen bilaketaren garrantziaz eta genealogia egiteko guran dugun aukerez, besteak beste.

Liburuaren 32 ale baino ez ditu inprimatu Txetxu (Joseph Luis dio haren jaiotza-agiriak) Aurrekoetxeak (Erandio, 1941). "Etxerako da", dio. Zelangura, norberaren jatorriak ezagutzearen balioa azpimarratu gura izan du mila saltsatako perrexila den honek.

332 orrialde zure familiaren genealogiaz. Liburuaren zatirik handiena zure arbasoen datuak dituzten fitxek betetzen dute. Eta beste liburuki bi prest dituzu. Zergatik halako lana?

Uste dut garrantzitsua dela nondik gatozen jakitea; badakigu nor garen baina ez nondik gatozen. Genealogiari heldu diot nondik natorren jakiteko, baina genealogiak mugak ditu. Ni, zehazki, 1548ra ailegatu naiz nire lehenengo abizenaren lerroan atzera eginez, Aurrekoetxea, eta 1545era arte bigarrenarenean, Urquijo. Harago joateko, nire ADNaren analisia egin dut AEBetako unibertsitate baten bitartez; kit bat bidaltzen dizute, zuk listua jaso eta haiei bidaltzen diezu atzera, eta kito.

Oso-oso antzinako iraganera ailegatu zara ADNaren bidez, oker ez banago.

Bai. Liburuan esaten da, azken batean, euskaldunok Etiopiatik gatozela. Orain dela 60.000 urteko arbasoengana ailegatu naiz, eta puntuz puntu azaldu dut non ibili ziren tarteko arbaso guztiak. Lehen liburukian horren guztiaren oso oinarrizko azalpena eman dut, bigarrenean (ia guztiz prest daukat) argibide gehiago emango dut. Momentuz, nire arbasoen ibilbidearen mapa egin dut, Europan izandako migrazioak azaldu ditut, Burdin Aroko inbasioak...     

Hori dena, ADN analisi batetik abiatuta...

Bai, badago haplotipo bat, R1b izenekoa, euskaldunon haplotipoa dena, zelanbait esatearren. Kromosoma hori da ohikoena europar herrietan, eta presentzia handiena Euskal Herrian, Galesen eta Irlandan du: %90 inguru. Espainiarren %65etik oso gora, esaterako. Horrek adierazten du euskal arraza... tira, genealogisten esaten dute ez dagoela arrazaz berba egiterik, txakurrena dela arraza; gurea etnia litzateke.

Genealogiara itzul gaitezen. Muga duela esan duzu; zein da muga hori?

Bada, paperarena, esan dezagun, elizarena. Trentoko Kontzilioak 1545ean agindu zuen ordutik aurrera bataio, heriotza eta ezkontza guztiak erregistratzen hasteko. Urte hura baino lehenagoko dokumentuak lortzea zaila da, notarioek jasotako aktetara jo behar duzu, ea zure arbasoren bat aipatzen duten bizilagunagaz liskarren bat izan zuelako, edo halako zer edo zer. Bide horretatik ailegatu naiz Zuberoako arbasoen batzuengana, eta han daukadan familiagaz ere elkartu naiz.

Izan ere, hainbat bitxikeria topatu duzu zure arbasoen segidan, ezta? 

Bai, liburuan aipatuta daude. Adibidez: gutxi gorabehera 1575ean Luiaondon jaiotako Domingo Urquijo bat egon zen, seme bi izan zituena, Domingo eta Diego. Diego ezkondu egin zen, eta haren ondorengoen segida, denboraz, Urkixoko markesena izan zen; baina Diego Urquijo hura alargundu egin zen, eta bigarrenez ezkondu. Bigarren emazteagaz hasitako familia-lerroa niregana ailegatzen da zuzenean, honenbestez Urkixoko markesen senitartekoa naiz. Baina gogoratzen Domingoren beste semeaz, izena Domingo ere bazuenaz? Bada, haren familia-lerroa zuzenean ailegatzen da Sabino Aranarengana. Eta euskal historiako beste pertsonaia ezagun batzuekaz ere ahaidetasuna badut, Ibarretxe lehendakariagaz esaterako.  

Zure arbasoen lehengusu-lehengusinez berbetan zabiltza honezkero. 1545ean hasi eta arbasoen lehengusuen adar denak ikertu badituzu, infiniturantz jo dezake horrek.

Badaude zailtasunak bai, baina egia esan nire ondorengoen lerro zuzena oso arin topatu nuen, hemen, EAEn, Derioko eliz artxiboa dagoelako, liburu guztiak sailkatuta eta digitalizatuta dituena. Internetez topa daiteke gehiena; ez den-dena noski, batzuetan hara joan beharra dago, ikertzen hasi eta hangoen laguntza eskatu, baina 1545etik honako datu asko sarean daude. EAE da hala gertatzen den erkidego bakarra, garai batean Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak (genealogista amorratua zen) erabaki zuelako gotzaindegiari lan hori egiteko eskatu eta aurrera eroan ahal izateko finantzazio handia ematea. Hara, Nafarroan ere badaude digitalizatutako artxibo asko, kontua da askotan ez dituztela ikusten uzten. Genealogian diharduen eta Euskal Herri osoan dabilen Antzinako elkarteko kidea naiz, eta arazoak izaten ditugu Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun