"Urte askoan inongo oroimen-ekitaldirik egin gabe egon ostean" Erandioko Udalak Josu Murueta eta Anton Fernandez hilketak gogoratzeko hartutako bidea desegokitzat jo du EH Bilduk, domekan egingo den omenaldian parte hartzera deitzeko zabaldutako oharrean. Gertakari latz haien 50. urteurrena beteko den honetan, Udalak "antolatu bai", baina herriko taldeakaz batera jarduteko eta "programazio instituzionala udaleko talde politiko guztien artean diseinatzeko" ahaleginik egin ez duela adierazi dute.
Ondorioz, Udalak In Memoriam goiburuagaz urrian antolatutako ekimenek oso publizitate txikia eta ikusle gutxi eduki dute, EH Bilduren iritziz. Horrez gain, zenbait kasutan herri-ekimenakaz talka ere egin dute, koalizioaren esanetan: "Herri-omenaldia izan behar zuena, ez da izango. Pena".
Zehazki, Udalak berbaldi bana antolatu du urriko lehenengo lau eguenetan. Horietan, 1969ko gertaeren kontakizun egin eta lekukotzak aurkezteaz gain, Bizkaiko auzo-mugimenduek jasandako errepresioaz eta Ibaizabalek izandako kutsaduraz eta haren eboluzioaz berba egin da. Domeka honetan, berriz, Asua ibaia auzolanean garbitzeko deialdia egin dute, goiz osoan zehar, Erandioko Oroimena kolektiboak antolatu duen Astrabuduko omenaldiaren denbora-tarte bertsuan. Azken jarduera datorren eguenerako (urriak 31) aurreikusita dago: Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratzeko ekitaldi instituzionala, Irailaren 23a plazan. Horrez gainera, informazio-totemak ipini dituzte leku esanguratsuetan.
HIRUKA ahalegindu egin da Udalagaz harremanean jartzen gai honen gainean zer iritzi duten galdetzeko, baina momentuz ez dugu udal-ordezkariakaz berba egitea lortu.