Erandioko Axpe dartsenan Sustraiak izeneko eskultura topa daiteke, Astrabudua eta Altzaga auzoen bidegurutze baten erdian, itsasadarrari begira. Hiru tona pisu eta bost metroko altuera duen brontze-puska horrek "udalerriaren aberastasun" irudikatzen ei du, Paulino Larrañaga horren egilearen arabera. Erandioko Udalaren aginduz 2006an jarritako obra hori hiru figurak osatzen dute: nekazari, arrantzale eta fabrika-langile bana, den-denak gizonak.
«Guretzat beste indarkeria-adierazpen bat da Sustraiak izeneko eskultura hori»
Eskulturak ezinegona eragin zuen gizartearen zati batean, "udalerriaren aberastasun" hori irudikatzeko biztanleriaren erdia kanpoan uzten duelako: emakumeak. "Lan horrek ez du udalerriko gizartea bere osotasunean irudikatzen; emakumeak desagerrarazi dituzte guztiz", deitoratu dute Garazi Hidalgo Bilbao eta Haizea Zugazaga Dominguez Erandioko Txoko Feministako kideek. "Guretzat beste indarkeria-adierazpen bat da eskultura hori". Hidalgok azaldu duenez, gainera, joan den martxoaren 8ko protestetan morez margotuta esnatu zen Axpeko dartsenan lekututa dagoen obra hori eta, dioenez, ekintza horrek zalaparta itzela eragin zuen udalerrian, baita sare sozialetan ere; erasoaren aurkako gaitzespen-mezuak agertu ziren nonahi, diru publikoz ibaiertzean ezarritako obra-puska hori nork garbituko duen kexuka, "baina inork ez zuen galdera egin ea zergatik agertu zen hori margotuta, horren existentzia hutsak emakumeoi egindako erasoa izango ez balitz bezala".
Sustraiak monumentuak Erandioko gizonen historia soilik batzen duelako ildo horretatik, udalerriko emakumeen bizipenak biltzeko dokumentala ekoitzi du Txoko Feministak: Maroma. Idatzi gabeko Erandioko historia. Zugazagak azaldu duenez, maromo edo gizonkote berba darabilte eskultura horren inguruan hitz egiten dutenean, "hiru gizon-puska agertzen direlako". Hori dela eta, berbaren jokoaz baliatuta, hitz hori aukeratu dute ikus-entzunezkoari izena emateko. Era berean, maroma gaztelerazko berba soka edo unama bat da, arrantzan eta itsas munduan darabiltena. Hala, azaldu dutenez, "soka horren irudia ere erabili nahi izan dugu lan honetan, nolabait emakumeon indarra eta sostengua irudikatzeko". Izan ere, idatzi gabeko Erandioko historiak bildu gura izan dituzte lan horretan, historia ez delako monumentuetan edo eskola-liburuetan agertzen dena soilik, "harriz harri idazten da".
"Askotariko gaiak jorratu nahi izan ditugu elkarrizketatuekin, batez ere euren jabekuntza-prozesuak zelakoak izan diren irudikatzeko"
Harriak norbanakoak irudikatzeko metafora dira, emakumeak, "eta horien denen batasunak ematen dio historiari osotasuna", diotenez. Denera, zortzi emakume elkarrizketatu dituzte dokumentalerako; hala ere, Zugazagak azaldu duenez, helburua ez da zortzi pertsona horien historiak batzea soilik, "baizik eta ikusaraztea inguruan ditugun emakume denek badutela zer esana. Orokorrean kontatzen ez dituzten historia asko dituzte azaltzeko eta horiek denak historiaren zatia ere badira, gertukoak gainera". Hidalgok gaineratu duenez, "askotariko gaiak jorratu nahi izan ditugu eurekin, batez ere euren jabekuntza-prozesuak zelakoak izan diren irudikatzeko". Izan ere, azaldu duenaren arabera, elkarrizketatu bakoitzak bere borroka du, eta horixe izan da Txoko Feministak azpimarratu gura izan duena, idatzi gabeko Erandioko historia aurkezteagaz batera.
Elkarrizketatuak aukeratzeko orduan hainbat ezaugarri ipini dituzte mahaiaren gainean Txoko Feministako kideek. Azaldu dutenez, auzo, adin eta jatorri ezberdinetakoak batu dituzte, lagina ahalik eta esanguratsuena izate aldera. Hala, hurrengo pertsonen testigantzak ezagutzeko aukera egongo da Maroma. Idatzi gabeko Erandioko historia dokumentalean: Aiora Sedano, aktorea; Amaia Arriaga, astrabuduarra eta sindikalgintzan aritua; Iria Moraleja, sexu-trantsizioa egin duen Lutxanako gaztea; Lala Mujika, oso gaztetatik mugimendu feministan ibilitako astrabuduarra; Lourdes Cerrato, ezker abertzaleko militante ezaguna; Maiteder Estévez, aniztasun funtzionala duen Altzagako gaztea; Marisol Basterretxea, Lutxanako jubilatua; eta Xiomara Suaza, Bogotan jaio baina 16 urtegaz Astrabuduara bizitzera joan zen gaztea.
Geeeente! El colectivo @erandioko se hizo este precioso DOCUMENTAL que no se pueden perder!! NOS VEMOS EL 7 DE FEBRERO EN ERANDIOOOO (BIBLIOTECA ALTZAGA) pic.twitter.com/mHhsB4r2Gc
— Xio Maraca (@XiomaraCaSuaza) January 18, 2020
Bost urteko lana
Txoko Feministako kide diren Hidalgok eta Zugazagak aitortzen dutenez, hasiera batean ez zekiten zelan gauzatu emakume horien denen testigantzak jasotzeko lana, ezta zein formatutan aurkeztu egindako dena ere. Hala, proiektuari forma ematen duela bost urte hasi ziren arren, urtez urte eta pausoz pauso proiektua aldatzen joan da, edukiak ikus-entzunezko dokumental batean aurkeztea ideiarik onena ondorioztatu zuten arte. Txoko Feministako bost kidek beharrari ekin zioten, audiobisualetan adituak diren pare bat emakumeren laguntzagaz. "Horiek biek talde teknikoa osatu zuten eta formakuntza txiki bat eman ziguten, hasiera batean guk ez genuelako ideiarik ere zelan egin zitekeen dokumental bat" azaldu dute arduradunek, "ez genekien zer-nolako garrantzia duen audioak mota honetako lan batean". Lantaldea osatuta zegoela, lanean hasi ziren.
"Boluntario-lana egin dugu eta gure erritmoek ezinezko egin digute azkarrago ibiltzea. Egunero buruan genuen proiektua, baina bitarte horretan ume bi jaio dira, beste bat bidean dago, batzuek oposizioak egin dituzte... Martxa ezberdinak egon dira bost urteotan"
Galdetegia osatzea izan zen lehenengo zeregina. Azaldu dutenez, galderak emakume-izaeraren ingurukoak izan dira: "Emakume sentitzen diren edo ez; zerk egiten gaituen emakume; Erandiorekiko zer lotura duten; zelako indarkeria edo zapalkuntzak pairatu dituzten; gorputzarekiko eta sexualitatearekiko lotura; eta bizitzan izandako inflexio-puntuak, besteak beste". Duela lau urte grabatu zuten lehenengo elkarrizketa, "eta urte eta erdi edo bi urte inguru eman ditugu elkarrizketak grabatzen", Zugazagak azaldu duenez. Hala ere, aitortzen dutenez, azkenengoa 2019an egin behar izan zuten, hasieran egindako bat bigarrenez landu behar izan zutelako hainbat arazo tekniko zirela eta.
Denera, bost urte behar izan dute Txoko Feministako kideek ikus-entzunezko dokumental hori hasieratik amaierara arte gauzatu ahal izateko. Izan ere, Hidalgok gogoratu duenez, bertan parte hartu duten denek militantzia-lana egin dute, eta denbora tarte horretan askotarikoak jazo zaizkie: "Boluntario-lana egin dugu eta gure erritmoek ezinezko egin digute azkarrago ibiltzea. Egunero buruan genuen proiektua, baina bitarte horretan ume bi jaio dira, beste bat bidean dago, batzuek oposizioak egin dituzte... Martxa ezberdinak egon dira bost urteotan".
Naturaltasunaren garrantzia
Dokumentalaren egileek garrantzi handia eman diote elkarrizketatutako emakumeen naturaltasuna irudikatzeari; hala, galdetegiak azken momentura arte gorde izan dituzte, grabaketen egunetara arte, "elkarrizketatuek erantzunak modurik ahalik eta espontaneoan eman ahal izateko". Horrek hainbat arazo eragin ditu gerora, talde teknikoa hasieran osatu zuten emakume biek ez dutelako proiektua amaitu. Elkarrizketa denak grabatu zituzten, baina ezin izan zuten muntaketa amaitu. Hori dela eta, Txoko Feministako kideek Al Borde Films taldekoakaz harremanetan jarri eta lan hori eskaini zieten. "Proposatu ziguten den-dena berriro hastea, zerotik; elkarrizketak berriro grabatu eta ondoren dokumentala editatu eta muntatu ahal izateko. Hala ere, guretzat hori ezinezkoa zen, bide bat eginda zegoelako, gurea, eta lortutako emaitzarekin oso pozik geunden. Gainera, elkarrizketatuek erantzunak ematean lortutako naturaltasuna errepikatzea ezinezkoa izango litzateke", azaldu du Hidalgok. Hala, ordura arte grabatutako elkarrizketak mantendu, errekurtsozko beste irudi batzuk egin eta muntaketa egin zuten Al Borde Filmseko emakumeek. "Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin, izugarria izan da egindako lan guztia", feministek aitortu dutenez.
Otsailaren 7an, aurkezpena Altzagan
Maroma. Idatzi gabeko Erandioko historia dokumentalaren trailerra daborduko ikus daiteke Interneten; elkarrizketatuak izan ziren hori ikusten lehenak eta ikus-entzunezko osoa gainontzeko auzokideakaz batera ikusteko aukera izango dute otsailaren 7an, barikuan, egingo duten aurkezpenean. Hitzordua 19:00etan ipini dute, Altzagako liburutegian. Bertan, dokumentala proiektatuko dute, Txoko Feministako kideek horren nondik norakoen aurkezpen bat egin ondoren. Horren ostean, bertara gerturatuko diren denek solasaldia egiteko aukera izango dute; "izan ere, gure helburua da erakustea denok ditugula borrokak eta esperientziak; denok egiten dugula historia, azken finean", azaldu dute Txoko Feministakoek.
Entzute aktiboa ikusarazteko lana
Dokumentalaren sustatzaileek azaldu dutenez, Maroma. Idatzi gabeko Erandioko historia lanaren helburua da ikusaraztea eta indartzea entzute aktiboa gure egunerokotasunean, "azken finean, liburuetan edo telebistan agertzen dena lagin bat baino ez da; denok ditugu historiak kontatzeko, eta horiek denek historia osatzen dute". Horretarako, udalerriko zortzi emakumeren testigantzak batu dituzte, «askotan ikusezinak izan diren istorioak ikusarazteko».