Greba mugagabea hasi dute La Auxiliar Navaleko beharginek

Unai Brea 2020ko ots. 19a, 08:34

LANeko langileek iaz egindako moblizazio bat. © LAN-EKO ENPRESA-BATZORDEA

Azken hilabeteetan enpresaren egoera larria eta zuzendaritzaren "kudeaketa negargarria" salatzen ibili ostean, otsailaren 19tik aurrera greba mugagabea egiten hastea erabaki dute La Auxiliar Naval (LAN) enpresako langileek. "Antonio Arredondo ugazabak enpresa deskapitalizatu du eta bere beste enpresa batzuetara eroan du dirua", salatu dute.

"Hemen bazegoen lana eta krisiaren urte txarrenetan aurrera egiteko moduan egongo ginatekeen, zuzendaritzaren kudeaketagatik ez balitz", diote LANeko beharginek. Itsasontzietarako leihoak, atexkak eta halakoak egiten dituen enpresa bakarra da Espainiako Estatuan, eta bakarretakoa Europan. Hala ere, bezeroak eta enkarguak murriztuz joan zaizkie, "kudeaketa ezin txarragoa dela eta", eta laneko segurtasuna ere ez da "beharko lukeen bezain ona".

Momentu honetan soldata bi eta erdi zor zaizkie langileei. Horietako batzuei aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea egin zitzaien, baina ez dute inongo ordainik jasotzen, "zuzendaritzak ez baitu behar bezala betetzen espedientearen dokumentazioa".

Honenbestez, otsailaren 19tik greba mugagabea egitea erabaki dute. Salatu dute enpresak ez dituela bete lan-ikuskaritzagaz egindako batzarrean hitz emandakoak ez dituela, eta erakundeei eskatu gura diete egoera bideratzeko esku har dezala: "Ez diezaietela enpresa-jabeei gure bizitzekin jolasten utzi, 25 familiaren etorkizuna dago auzitan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun