Koronabirusa Uribe Kostan

Premia dutenei laguntzeko herri-sareak 30 boluntario inguru ditu daborduko

Unai Brea 2020ko mar. 22a, 21:32

Boluntarioek ezin dute kontaktu fisikorik izan laguntza jasotzen duten pertsonakaz. HODEI TORRES

Beste leku askotan legez, herritar-talde batek bere burua antolatu du etxe  barruan egon behar izateagatik arazo gehien izan dezaketenei laguntzeko. Herri Zaintza Erandioko Babes Sareak 30 boluntario inguru ditu, udalerriko auzo denetan beharra dutenei laguntza emateko prest.

Espainiako Gobernuak herritar batzuen (ekoizpen-sistemaren gurpilak biratzen segiarazteko lantokira joan behar ez dutenen) konfinamendua agindu bezain laster sortu ziren han-hemenka premia handiena dutenei erosketak egiten eta beste zeregin batzuetan laguntzeko herritar-sareak. Horietako batzuek erakunde publikoek helburu beragaz sortutako sistemetara bideratu dituzte izena emandako boluntarioak, ez ordea Erandioko Herri Zaintzak. "Sarea sortu genuenok herri-mugimenduko kideak gara eta komunitatea ezagutzen dugu", azaldu du Ander Olazabalagak, "uste genuen gu geu antolatzea eraginkorragoa izango dela erakundeek egin dezatela baino".

Burokrazia gutxiago eta auzoak ondo ezagutzea aipatu ditu Olazabalagak abantailen artean. Izan ere, udalerri auzo denetako boluntarioak dituzte, eta hamar eremu izendatu dituzte zaintza antolatzeko.

Bai boluntario modura izena emateko bai laguntza eskatzeko telefono-zenbaki bat (634 49 55 02) bai posta elektronikoko helbide bat eskaintzen dituzte (erandiogaitezen@gmail.com). "Laguntza-eskaera helduz gero, koordinazio-taldean gabiltzanok harremanetan jartzen dugu pertsona hori hurbilen bizi den boluntarioarekin", dio Olazabalak, "eta hortik aurrera boluntario horrek baino ez dio lagunduko, pertsonen arteko harremanak ahalik eta gutxien izateko".

Edozelan ere, segurtasun-protokolo zorrotza bete behar dute sareko kideek. Laguntzen zaion pertsonagaz ezin dute kontaktu fisikorik izan, ezta esku-dirurik onartu ere. Erosketak ate ondoan utzi eta joan ostean abisatuko zaio hartzaileari; alderantziz jokatuko da zarama jaisteko, esaterako. Eta zer esanik ez, ez da onartuko Covid-19arenak izan litezkeen sintomak dituen inork boluntario-lanean jardutea. Gurutze Gorriagaz harremanetan daude, "eta haien aholkuak aintzat hartuz ezarri ditugu segurtasun-neurriak". Bestalde, sareko kide batzuk osasungintzako profesionalak dira.

Boluntario asko dituzte, baina momentuz laguntza-eskaera gutxi; bi baino ez, joan den barikura arte. "Auzo txikiak dira gureak, mundu guztiak ezagutzen du elkar eta eskaera asko auzokideek asetzen dituzte", azaldu du Ander Olazabalagak.

Erlazionatuak

Auzokideen zaintza bermatzeko herritarren sareak martxan

Iker Rincon Moreno · Unai Brea 2020 mar 16 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun