Koronabirusa Uribe Kostan

Auzokideen zaintza bermatzeko herritarren sareak martxan

Iker Rincon Moreno · Unai Brea 2020ko mar. 16a, 13:53

Zaintzarako sareok behar berezia duten pertsonei bideratuta dago, mendekotasuna dutenei eta nagusiei, batez ere.

Koronabirusaren krisiak eragindako larrialdi-egoerak arazo handiak ekar ditzake gizartean. Hori dela eta, elkarren arteko zaintza eta babesa bermatu guran, herri-iniziatibak piztu dira Uribe Kostako hainbat udalerritan, hala nola Erandion, Getxon, Sopelan eta Urdulizen. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak boluntarioen laguntza-sarea aktibatu du. Zaintza-lanak bermatzeko herritarren arteko sare kolektiboak dira horiek, hala nola beharra dutenei eta zailtasunak dituztenei erosketak egiten laguntzeko. Izan ere, Osasun Sailak etxean gelditzeko gomendioa egin die herritar denei, printzipioz, 15 egunez.

HIRUKAk jakinarazi duenez, beharra duten pertsonei laguntzeko herritarren sareak osatzen hasi dira Getxon, Erandion, Sopelan eta Urdulizen. Lehenengoaren kasuan, herritarren arteko zaintza modu kolektiboan egiteko aldarria egin dute, "zaintza erdigunean jarri eta modu kolektiboan antolatzeko". Azaldu dutenez, asko dira ekarpenak egiteko moduak, hala nola pertsona nagusiei erosketak eta errekaduakaz laguntzea. Hori dela eta, zeregin horietan laguntzeko jendea batzen hasi dira; une honetan 200 lagunetik gorak eman dute izena boluntario gisa. Horretarako, helbide elektroniko bat jarri dute martxan Algortan: algortarrokzaintzen@gmail.com. Horretara boluntarioaren izen-abizenak, telefono zenbakia eta bizilekuaren kalea adierazi behar da. "Jasotako mezuekin sarea antolatzeko hurrengo urratsen berri emango dugu datozen egunetan", adierazi dute. Itzubaltzeta/Romon, aldiz, telefono zenbaki bat jarri dute: 661 252 204.

Sopela Zaintzen

Sopelan Sopela Zaintzen sarea eratu eta sopelazaintzen@gmail.com posta elektronikoko helbidea ipini dute martxan, beharra duenak idazteko. Honezkero 80 lagunek eman dute izena parte hartzeko. Hala ere, eta azaldu dutenez, "ez gara martxan jarri, segurtasunez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sopelako Udalak koordinatuko dituztelako boluntarioak (Bolunta eta Gurutze Gorriaren bitartez)". Aldundiak eta Udalak Sopela Zaintzeni adierazi diote prest daudenean eurakaz harremanean jarriko direla, izena eman dutenak antolatzeko.

Erandioko Babes Sarea

Erandion ere beharrak dituzten pertsonentzat zaintza kolektiboen sarea osatu dute. Horretarako, hainbat segurtasun-neurri jarri dituzte mahai-gainean, baita kontakturako bide bi ere:  643 495 502 eta erandiogaitezen@gmail.com.

Bizkaia Gara

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du Bizkaia Gara izeneko boluntario-sarea antolatu duela, gaurtik (martxoak 16) hasita premia dutenei laguntza eskaintzeko. "Baliteke mendekotasun-egoeran dauden eta etxean zaintzaile batekin bizi diren 9.168 adinekok laguntza-behar handiagoa izatea oinarrizko jarduerak egiteko", adierazi dute.

Telefono-deien bidez, foru-erakundea harremanetan jarriko da laguntza horren balizko jasotzaile modura identifikatutako adineko pertsonakaz. Boluntarioak telefonoz jarriko dira harremanetan pertsona horiekaz, elikagaien eta sendagaien arloan dituzten beharrizanez galdetzeko; gero, erosi egingo dituzte eta etxeetara eroango dizkiete, higienea eta segurtasuna guztiz bermatuta. "Boluntarioek informazioa, prestakuntza, orientazioa eta baliabide materialak jasoko dituzte zeregin hori betetzeko, berebiziko arreta jarriz COVID-19 birusa ez kutsatzeko prebentzioan". Aldundiaren esanetan. Sarean parte hartu gura dutenek 94 416 1511 telefono-zenbakira deitu behar dute, edo mezu bat bidali helbide honetara:  bizkaiagara@bizkaia.eus.

Berangoko Udalak, bere aldetik, 688 640 994 zenbakia ipini du pertsona zaurgarrien edo halako inor ezagutzen dutenen eskura, euren egoeraren berri eman dezaten. Laguntzeko boluntario modura izena emateko, berriz, berangocomunicacion@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.   

Algortako sarea osatu gura duten pertsonakaz berba egin ondoren, azaldu digute daborduko 10 sare antolatu dituztela, Algorta, Aiboa eta Andra Mariko 10 eremutan lan egiteko. Era berean, azpimarratu dute sare horiek denak koordinatuta daudela eta osasun arloko profesionalen ikuskaritzagaz ere.

Itzubaltzeta/Romon, aldiz, telefono bi jarri dituzte martxan sareak antolatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun