Koronabirusa Uribe Kostan

Perun dauden erandioztarrak bihar bueltatuko dira Euskal Herrira

Erredakzioa 2020ko mar. 24a, 13:24

Konponbidea eman zaio, azkenik, Perutik etxera itzuli ezinda zeuden euskal turisten egoera latzari. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, salbuespenezko hegaldia antolatu da horretarako, Peru eta Espainiako Estatuaren arteko akordioa dela medio. Erandioko agentzia batek antolatutako bidaiara joandakoak dira bihar bueltatzeko aukera izango dutenak.

Sei erandioztar daude taldean, horien artean Koldo Garcia bidaiaren antolatzailea eta agentziako kidea. Garciak hainbat mezu bidali ditu Perutik, egoeraren larritasuna azalduz eta laguntza eskatuz, eta azkenik irtenbidea topatu dute. Batetik hegaldiak bertan behera utzi izanak eta bestetik muga guztiak itxi izanak eragin zuten euskal turista-taldea aurreikusitako egunean (martxoaren 20an) etxera ezin itzultzea.

Denera, antzeko egoeran dauden EAEko 275 herritarrek jo dute Jaurlaritzara laguntza eske koronabirusaren krisiaren ondorioz. Bertora bueltatu ahal izatea kudeatzea, hala ere, Espainiako Gobernuaren esku dago, EAEko agintariek argitu dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun