Elkarrizketak

"Uneren batean pentsatu dut ezingo niola negozioari eutsi"

Unai Brea 2020ko eka. 7a, 08:00

Higiene-neurriak betetzeak lan gehigarria ekarri diela dio Consuelo Hernandezek. HODEI TORRES

Erandioztar petoa da Consuelo Hernandez, eta bertan daroatza 33 urte ile-apaintzaile lanean. Maiatzaren 4an bueltatu ahal izan zen lanera, Altzaga auzoaren erdi-erdian duen ile-apaindegian. Besteak beste, bertako herritarrek komertzioari laguntzeko ematen dabiltzan erantzun ona eskertu du.

Eskualdean gutxinaka-gutxinaka normaltasunera itzuli den milaka negozio-jabeetako bat da Consuelo Hernandez. "Galdu duguna galduta badago ere", berriro zabaldu ostean bezeroek emandako erantzunagaz pozik dagoela azaldu du, "galdutako denbora errekuperatu behar balitz bezala edo".  

Krisi honek modu berezian eragin dio zuen sektoreari?

Denei bezala, esango nuke. Hasieran noraeza egon zen, nahitaezkoak ginela, ez ginela... Tira, azkenean beste denok bezala, maiatzaren hasierara arte, itxita.   

Izan ere, alarma-egoera eta konfinamendua ezarri osteko lehen egunetan berbabide izan zineten sare sozialetan eta abar, Pedro Sánchezek hasieran zabalduko zenutela esan zuela eta.

Bai, esan zuten lan egin behar genuela jendeak orraztu beharra zuelako, adinekoek batez ere, eta funtsezkoen multzoan sartu gintuzten. Baina noski, ez geneukan modurik segurtasun-distantzia errespetatzeko, eta presio-talde bat sortu zen. Ondorioz, 24 ordu geroago Sánchezek hasierako ideia aldatu zuen.

"Nik baneukan erabakita itxi egingo nuela, alarma-egoerarekin ala gabe, uste nuelako ez neukala segurtasunez lan egiteko kondizio egokirik"

Zuk zer gurago zenuen, itxi edo zabaldu?

Nik baneukan aurretik erabakita hurrengo astean itxi egingo nuela, alarma-egoerarekin ala gabe, uste nuelako ez neukala segurtasunez lan egiteko kondizio egokirik. Azkenean, egia esanda, hobe izan da derrigorrez itxi beharra, modu horretan denok kobratu ahal izan dugu eta.

Zer iritzi duzu jasotako laguntzez?

Uste du zortea izan dudala: autonomoetako kuota batzuk ez dizkidate kobratu, eta jarduera eteteagatiko laguntza kobratzerik izan dut. Langileek, berriz, Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen bidez kobratu dute. Bat bueltan dago, eta bestea oraindik ez, osasun-neurria errespetatu behar baditugu ez daukagulako leku fisikorik denontzat. Jakina, bitartean ez da egon diru-sarrerarik, eta gastuak bai. Uneren batean pentsatu izan dut ezin izango niola negozioari eutsi, egoera luzatuz gero. Alokairua ordaindu beharra neukan, gastuak ez dira desagertzen...

Bezeroakaz harremanik izan duzu ile-apaindegia itxita izan duzun denboran?

Jaso dut deiren bat, baina bere kabuz ezin zuen emakume bat orraztera eta burua garbitzera besterik ez naiz joan. Jendeak ez du deitu beldur zelako, adinekoak batez ere. Hasieran baten batek esan zidan bere etxera joateko orraztera, baina gero, egoera ikusita...

"Benetan beren kasa moldatu ezin zutenak orraztera joateko baimena izan dugu, baina ez da ia beharrik egon"

Joateko baimena bazenuen, edozein kasutan...

Bai, benetan beren kasa moldatu ezin zutenengana. Baina azken batean, egoera horretan dagoenak izan ohi du zaintzailerik, eta hark garbitzen dio burua, eta abar. Beraz, ez da ia beharrik egon. 

Eta zelakoa izan da itzulera?

Batetik, jendea oso ondo portatzen ari da komertzio guztiekin, galdutakoagatik lagundu nahian edo. "Tindatzera etorri naizenez gero, xanpu hau eroateko aprobetxatuko dut", eta halakoak. Eskertzekoa da, eta alde horretatik esan beharra daukat bueltatu osteko hasiera ez dela txarra izan. Bestetik, distantziari buruzko arauak bete ahal izateko, ezin dut oraindik hainbeste bezero hartu (langile bakoitza bezero batekin egon daiteke, eta ezin da egon beste inor barruan, ez bada tindagaia sikatzeko zain dagoela, edo horrelako zerbait). Eta lan handiagoa dugu, baita gasturen bat ere, protokolo guztiak betetzeko: maskarak, gel hidroalkoholikoak, erabiltzen dugun material guztia desinfektatzea... Horrez gainera, bezero bakoitzari tenperatura hartzen diogu sartzean, derrigorrezkoa ez bada ere. Eta tresna guztiak esterilizatzen uzten ditugu gauero.

"Distantzia-arauak direla eta ezin dut hainbeste bezero hartu; bestalde, lan handiagoa dugu, protokolo guztiak betetzeko"

Erosoa da horrela lan egitea?

Maskarekin azarorik ez. Udalak eman zizkigun, langile bakoitzeko hiru, eta neuk ere erosten ditut. Pantailak ere eman zizkiguten, baina horiek ez ditugu erabiltzen, lausotu egiten baitira, eta ez dago ondo ikusterik. Bezeroak ez daude derrigortuta masara erabiltzera; deserosoa litzateke gure lana egiteko. Distantziari dagokionez, argi dago gure eta bezeroaren artekoa ez dagoela errespetatzerik. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun