EH Bilduren esanetan, udal-gobernuak aurreikusita zuen 400 establezimendu inguruk egingo zutela bat maiatzean martxan ipinitako erosketa-bonuen kanpainagaz. Aldiz, 130ek baino ez dute eman pauso hori. "Aurrekontuko 200.000 euroetatik 78.000 baino ez dira erabiliko, gehienez ere (saltoki bakoitzera 600 bideratuz), zer gertatuko da gainerako 122.000 euroekin?", galdetu dute. "Ez dugu ulertzen dirua sobera egonda merkatariak egoera larrian uztea".
Ildo horretan, EH Bilduk aipatu du inguruko udal askok (gure eskualdean Berangok, Leioak eta Getxok, esate baterako) zuzeneko laguntzak eman dizkietela pandemiagatik kalte ekonomikoak jasan dituzten merkatariei, eta Erandion gauza bera ez egitea deitoratu du: "Kontsumorako bonu-kanpaina bat, ekimen ona izanik, ez da sektoreak behar duen neurria".
Bestalde, kanpainak lortutako atxikimendu eskasaz hausnartu beharko litzatekeela uste du koalizioak. "Beharbada, COVIDa baino lehen oso ukitua zegoen esparrua izanik, establezimendu askok ez zituzten betetzen bonu-kanpaina batean parte hartu ahal izateko udalak proposatutako beharrezko baldintzak". Hala, Erandioko merkatariei zuzeneko diru-laguntzak emateko eskatu du EH Bilduk, "ohiz kanpoko" neurri modura, "izandako galerei aurre egin ahal izateko"; horrez gainera, sektorea suspertzeko plan estrategikoa egin beharko litzatekeela aldarrikatu dute, besteak beste udalerrian azalera handiko saltokiak zabaltzea galaraziz.