Erandioko hiri-eremuan dagoen berdegune bakanetako bat da Tartanga, eta aspalditik dago bertan ehunka etxe eraikitzeko asmoa, baita horren aurkako mugimendua ere, Tartanga Berdea plataformak bideratutakoa. Haren kideek gaurko ekitaldian adierazi dutenez, "koronabirusaren krisiak inoiz baino nabarmenago erakutsi du pertsonen zerbitzura dagoen hirigintza behar dugula".
"Hilabete hauetan, buelta bat ematean, berretsi ahal izan dugu pasealekurik eta aisialdirako tokirik ez dagoela, eta hirigintzan aldaketa integrala egin behar dela", esan dute. Azkenik, Tartangan etxebizitzak egiteko proiektua behin betiko gelditu dadila eskatu, eta datozen hilabeteetan euren aldarrikapenagaz lotutako hainbat ekimen abiaraziko dituztela iragarri dute.