Erandioko Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerapenari iradokizunak egiteko sinadura-bilketa abiatu du Tartanga Berdea plataformak. Udal-kiroldegiaren ondoan dagoen 20.000 metroko lur-eremua kirol-azpiegitura eta eremu berde gisa jotzea eskatuko dute, inguru hori auzokideen gozamenerako izan dadin.
Sinadurak batzeko kanpaina horrek martxoaren 25erarte iraungo du eta ekimen bi izango ditu. Alde batetik, Altzagako askotariko merkataritza-establezimenduetan fotokopiak utziko dituzte; eta bestetik, aste-akabuetan karpa bat ipiniko dute metroko plazan edo Jado eta Ibarra kaleetan, egunaren arabera.
Iniziatiba horregaz, Udalaren eta Azpiegiturak sozietate publikoaren arteko hitzarmenaren kontrako mobilizazioetan pauso berri bat eman du Tartanga Berdeak. Udalbatzarrean adostu zuten hitzarmen hori eta Altzagako eremu horretan operazio urbanistiko handi bat egitea adostu zuten, duela hamar bat urte Abaroa enpresak egindako obra batek kaltetutako etxadi biak eraitsi eta berreraikitzearen ordainetan.
Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.
Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.
Izan zaitez HIRUKAlagun