Hau da, hitzez hitz, koalizio abertzaleak argitaratu duen idatzia:
"Uda honetako uztailean, Erandioko Udalak Uda Berezia 2020 programa jarri du martxan. Azken unean sortutako programa, in extremis.
COVID19k utzi digun egoeraren aurrean, EHBildutik kultur eta aisialdi jarduerekin aurrera jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu, baina ez edonola. Eta, jakina, beharrezkoak diren osasun eta segurtasun neurriak hartuta.
EAJk bi elkarteri bi diru-laguntza izendun ematea erabaki du, Uda Berezia 2020 programa aurrera ateratzeko (Pse eta Elkarrekin Podemosen babesarekin). Esan behar dugu ez dugula programaren aurrekontua ezagutzen, ez dugula proiektua ikusi eta prozedura honek zalantza asko sortzen dizkigula.
Zertan oinarritu dira Kilkirtxuri 27.000€ eta Ausartzeni 12.500€ emateko? Zergatik ez zaie eskaini herriko beste talde batzuei haurrekin "Udaldian" parte hartzeko aukera? Nork egin du prozedura hori? Zer langile teknikok eman du oniritzia?
Alkateak herriko elkarteen lankidetzaz hitz egin zuen mikrofonoen aurrean, baina errealitatean elkarte horiek bi besterik ez dira: Ausartzen eta Kilkirtxu Gaztetxoak. Azken hau EAJrekin oso lotuta dago, Erandioko batzokietan merendolak, bilerak eta pregoiak egiten baititu.
Gutxienez, eskaintzen den zerbitzua kalitatezkoa, laikoa, berdintasunean oinarritua eta euskaraz izatea espero dugu.
Gauzak egiteko modu asko daude, eta EH BILDUren iritziz, hatzez egindako esleipen hau ez da zuzena".