Erandiogoikoako batzokian uztailaren 25etik 30era bitartean egon diren pertsonek PCR proba egiteko eskatu du Osasun Sailak eta Osakidetzak, Zaintza Plana aplikatzeko. Herritarren parte-hartzea eskatu dute. Horretarako, interesatuek bere osasun zentrora edo Aholku Sanitarioko telefonora PCR bat egiteko hitzordua eskatu beharko dute. PCR probak Urdulizko ospitalean egiten hasi dira gaur, martitzenean. Oraingoz, lau langilek eta bezero batek eman dute positibo.
Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei ezagunak diren prebentzio-neurriak gogorarazi dizkiete, eta, COVID-19agaz bateragarriak diren sintomak edukiz gero –sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak, usainaren galera– beren etxeetan isolatzeko eta osasun-zentrora deitzeko. Aldi berean, lasaitasun-mezua bidali gura izan dute, eta hori bezalako neurriak prebentziokoak baino ez direla gogorarazi, eta haien asmoa dela transmisio komunitarioa ahalik eta lasterren detektatzea eta kutsadura ez zabaltzea.