"Marea biziak ailegatu dira Bilbora eta gasolinoak, marea behera dagoenean, hondoa jotzen daude, ezertarako balio ez dutela". Hala hasten da Erandioko Auzokideok elkarteak zabaldutako prentsa-oharra. Aurtengoan gasolinoak "zorte apur bat handiagoa" izan duela gaineratu dute, marea bizienak aste-akabuetan etorriko direlako, eta honenbestez txangoak egiteko aukera baino ez delako galduko, eta ez eguneko zerbitzua. Hala ere, gogorarazi dute txangoak ezinbestekoak direla gainbehera doan negozio horrentzat.
"Erandioko gasolinoaren historia bizia da, eta denon ondarea; Bilboko Portu Agintaritzarentzat ere", azpimarratu dute.
Hain zuzen ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek gasolinoa ordaintzeko Barik txartela erabili ahal izateko aukeraren aurka bozkatu eta hurrengo egunean ailegatu da Erandioko Auzokideok-en salaketa. Elkarrekin Podemos taldearen eskakizuna izan da Barik erabilita bidaiatu ahal izatea gasolinoan.