Lau udalerri horietako Elkarrekin Podemoseko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gasolinoaren Erandioko kaian, ekimenaren berri emateko. Adierazi dutenez, Barik bidez ordaintzeko aukera emanda erabiltzaile-kopurua handitzea da euren nahia; "gainera", gehitu dute, "osasunaren aldetik ere ona litzateke, esku-diru gutxiago erabiliz COVIDa kutsatzeko arriskua txikiagoa izango litzateke eta".
Itxuraz, urte hasieran aurreikuspen onak zituen Erandioko gasolinoak, baina pandemiak kinka larrian utzi du. "Biziraun dezan, erakunde publikoek esku hartu behar dute", adierazi dute Elkarrekin Podemoseko ordezkariek.
Hain zuzen ere, ondarea babesteko asmoz ekainean sortutako Erandioko Auzokideok taldeak gasolinoaren egoera hobetzea du lan-ildo nagusietako bat. Bidaiari-kopurua txikitzeaz gain, marea behera dagoenean ontziak maniobrak egiteko zailtasunak dituela aipatu zuten taldearen aurkezpenean, eta adierazi zuten horri zelanbaiteko konponbidea eman behar litzaiokeela.