Elkarrizketak

"Jendea harritu egiten da poema batekin barre egiteaz"

Unai Brea 2020ko urr. 19a, 11:18

IÑIGO ASTIZEK UTZIA

Haur eta Gazte Literatur Saileko Euskadi Literatura Saria jaso berri du Iñigo Astizek, "Iruñean jaiotako ultzamar erandiotartuak". Berria egunkarian dabil kazetari Astiz, Erandioko irakurle-klubean dinamizatzaile-lanak egiten ditu, eta HIRUKAren kolaboratzailea ere bada. Maite Mutuberriaren ilustrazioak dituen Joemak eta Polasak lanagatik eman diote saria; poema-sorta umoretsua da liburua, eta umoretsua izan da elkarrizketa ere, baina gai larriak saihestu barik. 

Gurasotasunetik etorri zaizu umeentzat idaztea?

Ez. Edo bai, baina ez niretik. Banituen poema batzuk Linterna Gorria izeneko aldizkari digital batean publikatuta, eta Behinola haur eta gazteentzako literatur aldizkarian egin nuen bigarren argitalpena. Beti izan dut hori martxan, eta prozesua asko areagotu zen lagun bat erditu zenean; harentzat ez zen izan momentu erraza, eta berarentzat poema franko idazten hasi nintzen, umoretsuak, jolastiak, eta haur eta gazte literaturaren teknikak baliatuta. Ohartu nintzen mordoxka bat banuela, eta horrela sortu zen bilduma kaleratzeko ideia. Maite Mutuberriak (ultzamarra bera ere) egin zituen marrazkiak, eta liburua atera zen. Beraz, gurasotasunetik, baina ez niretik.

 

Futbolariei eskatzen zaie sartu duten (eta denek ikusi duten) gola deskribatzeko. Zuk zelan osatu duzu liburua? Kontatu jokaldia...

Gustatzen zait futbolarekin konparatzea, sariketena delako, seguruenik, literaturan futboletik gertuen dagoen esparrua. Lehiarekin lotura du, irabazle bat dago... Niri nahiko arrotza egiten zait. Idazten dudanean, kontzeptu horik erabat kanporatuta daude nire burutik, eta gero, aldiz, saria jasotzean jendeak zoriondu egiten zaitu "irabazlea" zarelako eta abar. Pixka bat arraroa da. Are arraroagoa, Maite Mutuberriarekin batera sortutako liburuagatik nik bakarrik saria jasotzea. Esker onetik diot hau dena, e? Eta gola nola sartu dudan? Ba esan bezala, umoretik, jolasetik... Uste dut asko laguntzen duela poesiari buruz dagoen estereotipo erabat okerrak: jendeak entzuten duenean poesia egiten duzula, pentsatzen du loreei buruz ari zarela, edo gauza solemneei buruz, edo oso gauza intimoei buruz bakarrik. Eta poema bat besterik gabe umoretsua denean, edo txiste bat, edo broma bat, jendeak barre egiten du, eta horrekin batera, nik uste, harritu egiten da poema batekin barre egin izanaz. Aipatu dudan estereotipoa erabat okerra da, estereotipo guztiak bezala, badagoelako poesian edozer lantzeko nahikoa material, eta nahikoa tresna.

Badago horregatik kontuak eskatzen dituenik? "Guk sufritzen duten poetak gura ditugu, ez alaiak"...

Seguruenik bai, kar kar. Poeta askok daukagun jarrerak ere badu horren errua, ez irakurleen desinformazioak bakarrik.

Zer jarrera?

Mesfidantza, edo zikintzeko beldurra, edo arinegi agertzekoa.

Futbolera bueltatuta... Liburua Maite Mututuberriagaz batera egin duzu. Zelan egin duzue jokaldia? Bat-bikoa izan da, berak erdiratu eta zuk errematatu, alderantziz?

Nik idatzi eta berak ilustrazioa egin, eta ilustrazioak sortu ahala liburuak liburu-forma handiagoa hartzen zuen, eta horrek eskatzen zidan mota bateko edo besteko poema gehiago egitea. Haren marrazkigintzak asko lagundu du liburua "liburutzen", poema-sorta liburu bihurtzen.

Kulturgintzaren egoera negargarriaz berbetan gabiltza beti.

Sari hau, besteak beste, horregatik da ongi hartua, oso sasoi ziurgabea delako. Baina tira, sari hau tirita bat da ozeanoaren neurria duen prekaritate batean. Oso egoera prekarioan bizi dira sortzaileak, erakunde publikoen zein sektorearen jakinaren gainean. Gertatu dena da promesak ez direla garaiz bete, lehenago iritsi da pandemia bat. Eta ondorioa da jende askok oso estu bizi behar duela egoera hau. Euskaraz bereziki, merkatua askoz murritzagoa da eta. Horra beste estereotipo bat: euskarazko kultura haur eta gazteentzako bakarrik da. Euskarazko sorkuntzan ofizioa egitea oso zaila da, eta hemendik aurrera askoz zailagoa izango da. Orduan, airean dagoen galdera, nire ustez, hau da: eutsi ahalko dio kulturak krisi honi? Eta bigarren galdera, are zailagoa eta mingarriagoa: zer sortzailek eutsi ahalko dio egoera honi?

Era berean, euskarazko kazetaritza beti borrokan. Ezagun duzu hori ere.

Bai. Euskaraz alfabetatuta ez dagoen herri batean egunkariak idatziz bizi beharra... Ez da batere erraza irakurleak lortzea, eta irakurtzeko gai den jende horrentzat ere euskaraz irakurtzea ez da aukerarik erosoena. Horrez gain, euskaraz idazteak ikusezintasuna dakar. Primizia bat publikatzen duzunean Berrian edo halako egunkari batean, inpaktu soziala izateko beste egunkari batek zuk idatzitako berridatzi arte itxaron behar duzu. Orduan hasten dira erreakzioak, erantzunak, politikariak hizketan... Batzuetan esaten dugu ezerezari oihuka ari garela, eta etsigarria da, baina uste dut oso kalitate oneko lanak ateratzen direla euskarazko kazetaritzan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun