Berrikuntzaren eta Gobernu Onaren ELoGE europar zigilua lortzen ahaleginduko da Udala

Unai Brea 2020ko urr. 22a, 11:21

Aurtengo azken hiruhilekoan EAEko sei udalerriri ELoGE zigilua eskuratzen lagunduko die EUDELek. Horietako bat Berango izango da, irailaren amaieran aurreratu genuen legez, eta bestea Erandio. "ELoGE tokiko gobernuen bikaintasunaren eta kalitate demokratikoaren aintzatesterik handiena da Europan", EUDELen berbetan.

Orain arte, 2017tik hona, EAEko hamasei udalerrik hartu dute parte zigilua lortzeko prozesuan. Aurten saiatuko direnetatik hiruk lehenengoz egingo dute, eta horien artean daude Berango eta Erandio. "ELoGE zigilua ezartzeko", azaldu du EUDELek, "Europako adierazleen tresna Euskadiko udalerrien araudi espezifikora eta errealitatera egokitu behar da. Helburu nagusia ez da aintzatestea lortzea, baizik eta udal-gobernuaren etengabeko hobekuntza sustatzea eta haren politika publikoak Europako kalitate demokratikoko estandar zorrotzenekin egokitzea".

Aurten moldaketak egin dira, pandemiak ekarritako egoera berrira egokitzeko, eta hala, ELoGEk "gardentasuna eta kontuak ematea, parte-hartzea, plangintza eta aurreikuspena eta iraunkortasuna ditu ardatz". Behin zigilua lortuz gero, bi urtean behin berritu beharra dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun