Orain bizileku nagusi dudan Astrabuduko etxe hau bera, estudiante pisu izan genuen unibertsitatera ikastera etorri ginenean. Hamalau etxebizitzako komunitatean euskaldun bakarrak ginen, Gernika aldetik etorritako lau neska gazte. Ez zen salto makala izan guretzat erdararen itsasoan murgiltzea, eta hasieran galduta ibili ginen, euskaldunak non topatu ez genekiela.
Gu las vascas ginen, baina bakarrak? Ez genuen ikusten auzo honetako euskaldunengana eraman gintzakeen biderik. Noraezean, batzokiko ikurrinari segika, barrura sartu eta han entzun genituen lehenengo euskarazko berbak, eta hantxe jakin genuen Astrabuduan bazela Gau Eskola bat, AEK-k eramaten zuena, eta Gernikatik etortzen zirela hiru emakume eskolak ematen, astean hirutan. Batzokian bertan eta Metalquímica enpresan ere ematen zituzten. Ezusteko ederra! Hurrengo ikasturtean geu ere Gau Eskolan aritu ginen irakasle. Harrezkero 40 urte joan dira, eta geure eskarmentutik ikasi dugu, gure herrian euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa dela, euskara jakiteaz gain, euskaraz ulertzeko eta euskaraz berba egiteko gai diren pertsonak identifikatzea, horrek itzel laguntzen duela.
AEKren eskutik ailegatu nintzen euskaltzaleen mugimendura, eta Berbotsek eman dit gerora inguruko euskaltzaleekin bat egiteko aukera. Orain, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan bizitzeko aukera dakarkit, beste behin, Berbotsek Euskaraldiarekin. Egunotan txapa paparrean eta banderola balkoian jarriko ditut neure konpromisoa berresteko eta, aldi berean, parean daukadanari eskaintza zuzena egiteko: nirekin euskaraz.