Elkarrizketak

"Hiru mirari gauzatu ditugu Dakar horretan"

Ander Zarraga 2021ko ots. 19a, 16:05

"Livingstone" eta Iker San Vicente Rotomobile tailerraren atarian, eta Volkswagen Iltisaren argazkia atzealdean.

Duela 40 urte Paris-Dakar lasterketa ospetsua irabazi zuen auto berarekin Saudi Arabiako basamortuko hareak zeharkatzea zen haien helburua. Esperientzia ikaragarria izan dela diote biek, hasieratik amaierara arte. 

Motorraren munduak batu zituen Ignacio Corcuera Livingstone gidaria eta Iker San Vicente kopilotua; anbulantzia-gidaria eta ibilgailu klasikoen ordezko piezen saltzailea, hurrenez hurren. Aspalditik ibili izan dira biak rally eta auto-lasterketen munduan. Urtarrilean, baina, erronka titaniko bat burutzea lortu zuten: duela 40 urte Paris-Dakar lasterketa irabazi zuen auto beragaz, Volkswagen Iltis bategaz, Saudi Arabiako basamortuko hareak zeharkatzea.

Nola jaio zen proiektua?

Hasierako ideia duela hiru urte bururatu zitzaigun, hemen: Erandioko Retromobile tailerrean. Lur orotako ibilgailuen zale batzuen artean Paris-Dakar lasterketa irabazi zuen lehenengo ibilgailuaren parekoa erabilita probara bueltatzea otu zitzaigun; 1980an Volkswagen Audi Iltis batek lortu zuen garaipena. Guk Afrikako Dakarrak gogoratu gura genituen, makina mitiko eta kondairetako gidari horiekaz. Araudiak ez zigun ibilgailu horregaz parte hartzen uzten, baina guk tortillari buelta eman eta maila klasiko bat bultzatzen hasi ginen; hau da: 20 urte baino gehiago duten autoentzako lasterketa paralelo bat. Eta lortu egin genuen ere.

Nolako ibilgailua da Iltisa?

Jatorri militarra duen ibilgailua da; 1980an matrikulatua eta ia pieza guztiak jatorrizkok dira. Gezurra dirudien arren, gure ibilgailuak 75 zaldi besterik ez ditu, eta 400 dituzten makinen parean ibili gara. Oso arina da, beraz, ez zen dunetako harean hondoratzen, eta oso ondo moldatzen zen edozein motatako bideetan. Makina ikaragarria da. 

Nolako da bizikidetza Dakar batean?

Elkarbizitza berebiziko kontu bat da. Beste pertsona ezagutzen ez baduzu txinpartak aterako dira, tentsio handia dagoelako, eta biok erratuko garelako. Orduan, bestearen akatsak onartzea oso beharrezkoa da. Biok aspaldi ezagutzen genuen elkar, eta hainbat esperientzia izan ditugu elkarrekin. Beraz, elkarren arteko konfiantza handia dugu.

Nolakoa da duela 40 urteko auto batean Dakar batean lehiatzea?

Gaur egun, milioi bat euroko autoakaz konparatuta ez da hain erosoa, baina, bestalde, oso ibilgailu sinplea da. Iraunkorra izateko egina dagoen ibilgailu bat da; beraz, oso aproposa da Dakar baterako. 

Zelakoa izan da lasterketa?

Dakar bat beti izango da gogorra, hori delako bere filosofia;  bi aste irauten dituen erresistentzia-lasterketa bakarra da. Guk etapa batzuetan 15 ordu eman ditugu gidatzen. Dena den, ibilgailua oso ondo moldatu da, eta ez dugu inolako arazorik izan. Hori bai: autoaren barrualdeak harez beteta bukatu zuen lasterketa.

Nola uztartzen dira anbulantzia gidatzea eta rally batean parte hartzea?

Dakar baterako entrenatzeko asko balio du, ez dakizulako noiz izango duzun atsedenaldi bat. Pertsona baten bizitza salbatzeko gidatzen duzu goizaldeko orduetan, beti egon behar zara prest, eta exijitzen duen arreta horrek asko laguntzen du lasterketarako baita ere. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun