Askotan esaten da bizitza eta heriotza txanpon bereko alde biak direla; ez dagoela bizitzarik heriotzarik gabe, batak bestea sortzen duela. Horretaz asko daki Fidel Castro erandioztarrak. 35 urtez Erandioko hilerrian ibili da lurperatzaile lanetan, eta, dioenez, oraindino heriotzaren gaiak tabu izaten jarraitzen du gurean: “Jendeak misterio handia ikusten dio lurperatzaile lanari, baina lan normala da”. Gizartean landu gabeko gaia dela iritzi dio Castrok: “Ez dugu naturaltasunez berbarik egiten heriotzaz, baina apurka-apurka hori aldatzen ari da”.
Erretiroa hartu berri du, bizitza osoa hilerrian eman ostean: “Uste nuen faltan botako nuela, baina egia esan, bat ere ez! Hori bai, oso oroitzapen onak gorde ditut”. 21 urtegaz hasi zen bertan beharrean: “Ez nuen sekulan zapaldu hilerri bat bertan lanean hasi nintzen arte. Hasiera batean, lotsa ematen zidan aitortzeak horretan egiten nuela lan, baina arin pasatu zitzaidan”. Izan ere, aitortu duenez, lanak bazuen bere alde ona ere: “Ez genuen gimnasiorako beharrik, zulo guztiak aitzur eta palagaz egiten genituen!”.
Gaur egun, ostera, gorpuak lurperatzea baino, ohikoagoa da erraustea. Hori izango da Castroren hautua ere: “Seme-alabei esan diet zer egin behar duten nire errautsekin: Galizako Corrubedo herrian bota dezatela, nire familiaren sorterrian”. Belarra moztu, sasiak garbitu, inguruak atondu... egiteko lasaia da lurperatzailearena, baina batzuetan zaila ere bada: “Gogorrena maite duzun norbait lurperatzea da. Gogoratzen dut 80-90. hamarkadetan gazte asko lurperatu genituela drogen eraginez. Latza izan zen”.
Berbaldia ezin izan dugu amaitu Fideleri bere izen-abizenengatik galdetu barik. Barrez erantzun digu: “Ez dakizu zenbat arazo ditudan. Jatetxe batera deitzen dudanean erreserba egiteko pentsatzen dute txantxetan ari naizela”. Daborduko esan dezakegu: Fidel Castro elkarrizketatu dugu!