Elkarrizketak

"Ikusleek oholtzaren gainean dagoena bakarrik ikusten dute, baina atzean unibertso oso bat dago"

Ander Zarraga 2021ko mai. 14a, 13:00

Aurora Mora pertsonaiaren papera egiten du Laura Penagos aktoreak. © ARTEDRAMA

Maiatzaren 23an, Atzerrian Lurra Garratz antzezlana egingo dute Erandioko Josu Murueta kultur etxean; horri buruz gehiago jakiteko, Ander Lipusegaz batera oholtzara igoko den Laura Penagos aktoreagaz egon gara. Antzerkian jorratzen diren hainbat gai kontatu dizkigu, baita horren sortze-prozesua ere bai.

Zein da Atzerrian Lurra Garratz antzezlanaren abiapuntua?

Antzezlanak ardatz desberdinak ditu: zaintza, migrazioa, kolonialismoa, emakumea eta nortasuna. Gutxi gorabehera horri buruz hitz egiten dugu. Oso garrantzitsua da hausnarketa egitea; hala ere, zalantzarik gabe, ongi pasatzeko antzerkia da, baina hausnartzeko ere bai. Horregatik, zenbait galdera planteatzen ditu: zer da zaintza, zertarako, zergatik guri emakumeoi tokatzen zaigu zaintza-lanak egitea, zeintzuk dira Auroraren ezaugarri fisikoak, zer den emakume beltza edo indigena izatea, zein da bere lekua Euskal Herrian eta zein zen bere lekua Kolonbian… Azaleratzen da nortasun horrek nola bideratu duen bere bizitza, eta nola jarraitzen duen gidatzen oraindik ere. Egin dugun biran, ikusleei antzezlana gustatu zaie, eta hori interesgarria da, helburua hori baitzen.

Laura kolonbiarra da, etorkina, bere kezka eta jakingurak ekartzen dituen autofikzioa dela esan daiteke?

Kolonbiarra naiz, eta euskalduna ere bai, eta, antzezlanean nire bizipen batzuk islatzen ditugun arren, Atzerrian Lurra Garratz hori baino askoz gehiago da. Sormen-prozesuan, inprobisazioaren bidez testua fikzionatu genuen. Horretaz gain, ekoizpenetik oholtza gainean egotera arteko prozesua oso garrantzitsua izan da obra sortzeko orduan, baita saltzeko orduan eta orain egiten ari garen biran ere; izan ere, antzezlana ez da bakarrik Ander Lipusek eta biok oholtzaren gainean egiten duguna, antzezlana den-dena da. Ekoizpen-lana ere oso handia izan da, eta hor egon dira: Amancay Gaztañaga zuzendaria, Iasone Paradaren ekoizpena, Arantza Floresen argiztapena, Barbara Rassoren jantziak, Ibon RGren musika eta abar. Hori ere antzerkia da, denon artean sortu genuelako antzezlana. Normalean, ikusleek oholtzaren gainean dagoena bakarrik ikusten dute, baina atzean unibertso oso bat dago, eta kristoren lana dago hor ere bai. Niretzat hori oso garrantzitsua da, gure lana ez delako bakarrik gurea, eta atzean dagoen lan handiagatik eskerrak eman nahi dizkiet Artedramakoei, adituak direlako eta lan ederra egin dutelako.

Kolonbiaren errealitate politiko-soziala ere ikustarazten da antzezlanean?

Jakina, Kolonbiako gatazkak ia-ia 60 urte ditu, borren emaitza beldurgarria da, eta, gaur egun, guda hau pairatzen jarraitzen dugu. Orduan, ezin genuen zati hori ahaztu, argi eta garbi genuen mahai-gainean jarri behar genuela Kolonbiako sarraskia. Bake-prozesua porrota izan da; zaila da esatea, baina hori da egia gordina. Batzuek erabaki zuten kolonbiarrok ez genuela bakea merezi, eta bortizkeriaren egiturari botere handiagoa eman diote. Hori guztiagatik, Kolonbiako egoera politiko-soziala da antzezlanaren beste ardatzetako bat.

"Ezin genuen zati hori ahaztu, argi eta garbi genuen mahai-gainean jarri behar genuela Kolonbiako sarraskia"

Ander Lipus aktoreak ere hainbat paper antzezten ditu; zein da berak antzezlanean duen rola?

Ander Lipusek hainbat pertsonaia antzezten ditu, bai, denak pertsonaia nagusiaren, Auroraren, ingurukoak dira: ama, ahizpa, mutil-laguna eta amona.

Nolako izan da Amancay Gaztañaga zuzendariagaz lan egitea? Zein izan da bere ekarpena obran?

Alde batetik, berak gonbidatu ninduen sortzera, eta nire unibertsoan oinarrituko zen sormen-bidaia hastera. Beste aldetik, Amancay Gaztañaga Ekuadorren jaio eta bizi izan zen, horrek antzezlanari egiazko ezaugarriak ematen dizkiote. Horretaz gain, sentitzen dut berak giltza garrantzitsua eman didala sormenari dagokionez; lan oso interesgarria eta emankorra izan zen bion artekoa.

"Badirudi COVID-19a ailegatu baino lehen kultura paradisu batean bizi zela, baina ez da horrela, batez ere egitura txikien kasuan"

COVID-19ak Sopelako antzezlana bertan behera uztera derrigortu zintuzten; nola eragin dizue pandemiak zentzu horretan? 

Denok dakigu egoera honek zailtasun handiak sortu dituela arlo guztietan, hori ez da sekretu bat. Hala ere, kulturak eta antzerkiak historikoki biziraun dute, eta horrek esan nahi du zama edo zailtasun gehiago jasan behar ditugula. Artedramak bi emanaldi atzeratu behar izan ditu ikus-entzuleekiko arduragatik, kultura segurua izaten jarrai dezan. Badirudi COVID-19a ailegatu baino lehen kultura paradisu batean bizi zela, baina ez da horrela, batez ere egitura txikien kasuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun