Altzaga auzoko berdegune bakarra izanik, hori babesteko beharra aldarrikatu gura duen kolektiboak II. Tartanga Berdea Eguna antolatu du zapatu honetarako, ekainaren 12rako. Elkartekoek adierazi dutenez, "beste behin ere, kalera aterako gara osasuna, aisia eta lur publikoa aldarrikatzeko", eta, horretarako, ekintzak antolatu dituzte goizean zehar.
Hasteko, 10:00etan, auzolana egingo dute, zuhaitzak landatuz eta inguruak garbituz, besteak beste. Gerora, 12:00etan, umeentzako eta kirola praktikatzeko tartea ere prestatu dute hainbat ekintzagaz: boleibola, slack-line, tailerrak... Baina eguneko unerik garrantzitsuena 13:30ean izango dela iragarri dute, ordu horretan hasiko baita Altzaga auzoko kaleetatik egingo duten kalejira.
Ekimenaren helburua da Altzaga auzoko Tartanga berdegunea babestea, bertan 400 etxebizitza eraikitzeko proiektuaren aurka eginez. Kolektibotik azaldu dutenez, "konfinamenduko aste luzeetan, eta, ondorengo hilabeteetan, gero eta jende gehiago konturatu da lur horiek gure auzorako duten balioaz"; izan ere, auzoko berdegune bakarra dela kontutan hartuta, adierazi dute ez daudela prest auzoan porlan gehiago onartzeko.