Tartanga “berdea” izan dadin, herri-ekimena sortu dute

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 14a, 12:35

Pasa den domekan, pertsonez osatutako mosaikoa egin zuten Tartanga Berdea ekimeneko kideek. © TARTANGA BERDEA

Kolektibo berri bat jaio da Erandio: Tartanga Berdea. Izan ere, bihar, eguena, egun garrantzitsua izango da Erandioko Tartanga inguruarentzat. Orduan amaituko delako Azpiegiturak foru-enpresak antolatutako lehiaketa publikoan eraikuntza-enpresek euren eskaintzak aurkezteko epea. Egin beharreko lanak dira Abaroa enpresak kaltetutako etxeak botatzea eta 113 etxebizitza eraikitzea, baita etxez aldatu behar izan zuten 66 sendiei behin betiko konponbidea ematea ere.

Trukean, Azpiegiturak sozietateak Erandioko Udalak emandako Tartangako lursail bat eskaini du; 20.000 metro koadroko gunea da, eta 400 etxebizitza eraikitzeko aukera dago. Udalbatzaren gehiengoak babestu du hirigintza-operazioa; ostera, auzokide denak ez daude ados. Hala, Tartanga Berdea herri-ekimena jaio da, “Altzagako gune berde eta publiko bakarra galtzeko zorian egoteak asko kezkatzen” duen askotariko kolektiboa da. Informazio-ekimenak abiatu dituzte.

Tartanga Berdearen oharra

Tartangako eremua enpresa eraikitzaile pribatu baten eskuetara helduko da. Tartanga berdea nahi dugu!

Erandioko herritarrak Altzagako kiroldegiaren alboko gunea galtzeko zorian gaude. Azpiegiturak enpresa publikoak, Udalak oparitutako lur-eremua enpresa eraikitzaile bati salduko dio.

Modu horretan, duela 11 urte Abaroako lardaskeriaren ondorioz kaltetutakoen 66 etxeak bota eta leku berean berreraikitzeko operazioa finantzatuko dutela diote.

Horrela publikatu dute ateratako pleguetan. Ekainaren 15ean eraikitzaileek euren proposamenak aurkezteko azken eguna izango da.

Kaleko igerilekua eta frontoia izango zena, eta azken hilabeteetan gozatzen ari garen gune berdearen ordez, 400 etxebizitza eraikitzeko asmoa dute!

Gaiaren inguruan dakiguna azaltzeko, galderak erantzuteko, dudak argitzeko eta egoeraren aurrean zer egin dezakegun pentsatzeko hainbat ekimen egingo ditugu kalean.

Erandioztarrok gaiaren inguruan jantzita egotea garrantzitsua dela uste dugu. Animatu nahi zaituztegu informatzera, galdetzera, eztabaidatzera eta parte hartzera. Gonbidatuta zaudete!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun