Maiatzean, taldearen 20. urteurrenaren ospakizunean auzotarrek erositako tiketen diruari eta auzoko supermerkatu baten laguntzari esker, zapatu honetan, Takolos taldeko kideek amantala jantziko dute beste behin. Oraingoan, Astrabuduan elkartuko dira ongintzan emango dituzten 25 kilo fideua prestatzeko helburuagaz.
Kozinatutakoa Aunar Elkarteari emango diote dohaintzan, horrek gehien behar duten familien artean banatu dezan. Elkarte honek 2013tik egiten du lan bazterketa sozialean eta pobrezian dauden pertsonei laguntza ematen.
Ez da elkarregaz lan egiten duten lehen aldia; izan ere, martxoan hamabigarren Putxera Solidarioa ere antolatu zuten, eta, orduan, elkarte bien artean 380 errazio banatzea lortu zuten baliabide gutxiko familien artean.