Eguraldi onak lagunduta, zapatuan, ekainaren 12an, II. Tartanga Berdea Eguna ospatu zuten Erandioko Altzaga auzoan. Bertako herri-ekimenak azaldu duenez, euren helburua da auzoko Tartanga berdegunea babestea, bertan eraiki gura dituzten 400 etxebizitzen proiektuaren aurka.
Eguna auzolanakaz hasi zuten, zuhaitzak landatuz eta inguruak garbituz. 12:00ak aldera, kirol eta ekintza ezberdinak egin zituzten, eta, azkenik, 13:30ean, manifestazioa jendetsua egin zuten Altzaga auzoak kalerik kale.
Ekitaldiaren amaieran irakurri zuten komunikatuan Erandioko Udalaren hirigintza politika kritikatu zuten, "kontsumoan eta lurraren esplotazioan" oinarritutako eredu bat dela gaitzetsiz. Gainera, salatu zuten Tartangako lurzoru publikoa enpresa pribatu bati "oparitu" diotela 400 etxebizitza egiteko. "Tartanga inoiz baino aktibitate gehiagorekin ikusi ahal izan dugu azkenaldian, eta horrek indarrez betetzen gaitu zentzugabekeria hau gelditzeko eta borrokari indar handiagoz ekiteko", aldarrikatu zuten.
Horretaz gain, gune horren garrantzia ere nabarmendu zuten, herriko berdegune bakarra baita: "Pertsonen zerbitzura dagoen hirigintzaren beharra aldarrikatzen dugu. Herritarren osasun fisiko eta mentala lehenetsiko dituena. Erandion, ume, gazte zein nagusientzako aisialdi leku seguru eta zabalak behar ditugu; elkartzeko, kirola egiteko, solstizioak ospatzeko, arnasteko eta eguzkitan egoteko tokiak behar ditugu".
Amaitzeko, Tartanga berdegunea babesteko borroka jarraitzeko asmo irmoa adierazi zuten, eta bertaratutakoei elkartzeko deia egin zieten.