Bertso Jaialdi Mundialak puntako bertsolariak ekarriko ditu Muxikebarri Antzokira, uztailaren 14an. Algortako Bertsolari Eskolak hamarkada bi baino gehiago daramatza jaialdi hau antolatzen, eta, lehendabizikoa 1999an egin zenetik, bere helburua urtero zerbait ezberdina eskaintzea izan da.
Maialen Lujanbio (Hernani), Alaia Martin (Oiartzun), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein), Sustrai Colina (Urruña), Aitor Sarriegi (Beasain) eta bertakoa den Unai Mendiburuk maskarak kendu eta bertsotan mundialak zergatik diren erakutsiko dute. Horietaz gain, bertsolaritzaren jaialdi horretan ez dira faltako sorpresak, umorea, asmamena eta goi-mailako bertsoak.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertaratzeko gonbidapena ezinbestekoa izango da. Sarrerak daborduko eskuragarri daude Muxikebarrin, edo ALBEgaz zuzenean harremanetan jarrita lortu daitezke, 605 704 385 telefono zenbakira whatsappa bidalita edo albegetxo@gmail.com emailera idatzita.