Arboretuma eremu berezia da, herritar guztiei irekitako eremu natural pedagogikoa eta aisialdikoa, eta bertan interes zientifiko nahiz natural handiko hainbat eremu nabarmentzen dira. Horien artean, azpimarratzekoak dira bost kontinenteetako zuhaitzen eta zuhaixken bilduma; heliosziametroa, denbora Lurrak Eguzkiarekiko duen posizioaren arabera neurtzen duena; Bizitzaren Basoa, gorputza zientziari eman dioten pertsonen omenez; edo anfiteatro bat, espazio paregabea ekitaldi akademikoak eta kulturalak egiteko.
Eta eremu horien artean, Bizkaiko pasealeku geologikoa ere nabarmentzen da, ondare geologikoa kontserbatu eta gure inguruneko historia geologikoa modu didaktikoan aztertzen duelako.
Duela gutxi, Astrabuduan egindako obra batzuetan agertu zen arroka bolkaniko bat dohaintzan eman dio Erandioko Udalak EHUren Bizkaiko Campusari. Izan ere, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Graduko ikasleak urtero joaten dira udalerri horretara, Axpe mendiko arroka bolkanikoak ikustera. Zehazki, Erandioko Udalak emandako arroka bolkanikoak mota guztietako material bolkaniko klastikoak –labaren mugimenduarengatik edo gasen metaketak eragindako leherketa txikiengatik sortutako bretxak– eta ez bolkanikoak –estrusio bolkanikoa gertatu zen lekutik gertu zeuden arroken zatiak– biltzen ditu.