Erandioko airearen kalitategatik kezkatuta, Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteek elkarlan-proiektua hasi zuten kutsaduraren arazoagaz bukatzeko. Hasteko, lehenik datuak behar zituzten beraien aldarrikapenak argudiatzeko. Hala, Aire Zaintzaileak proiektuan parte hartzea erabaki zuten, eta, beste jarduera batzuen artean, Erandioko 294 bizilaguni esker, mailuki-landareak banatu zituzten udalerri osoan, airearen kalitatea aztertzeko helburuagaz.
Ikerketa horretan, 2020ko urritik abendura, boluntarioek mailuki-landareak zaindu eta hostoak batu zituzten, gerora, horiek laborategi batean ikertu ahal izateko. Baina zergatik mailuki-hostoak? Ivercivis fundazioak martxan jarritako Aire Zaintzaileak ekimenean mailuki-landareak erabiltzen dituzte airean dauden metal astunak detektatu eta neurtzeko, horiek hostoetako ileetan itsasten baitira.
"Datu horiek pandemian zehar batu ziren, 2020ko urritik abendura, hegazkinen eta ibilgailuen trafikoa urriagoa zenean; lantegiak ere ez zebiltzan % 100ean, beraz, normaltasuneko datuak nolakoa izango den pentsatu ere ezin dezakegu egin".
Ikerketa horretarako, mailuki-hostoetan metatutako kutsadura metalikoaren propietate magnetikoak (SIRM) erabili dituzte kutsadura atmosferikoaren adierazle gisa. Izan ere, mailuki-hostoen propietate magnetikoek tamaina txikiko materia-partikula finak eta ultrafinak (PM10, PM2,5 eta PM0,1) harrapatzen dituzte, aireko partikulen kontzentrazio islatuz.
Modu sinple baina erabilgarri horren bitartez, espainiar Estatuko 28 hiritako aire-kutsadura neurtu ahal izan dute. Erandion, elkarte bi horien lanari esker, 294 landare banatu zituzten udalerri osotik, eta, horietatik, 232 jaso eta 215 baliagarriak izan dira azterlanerako. "Lan izugarria izan da guretzako, eta, azkenean, hosto guztiek ez zuten balio, asko ustelduta zeudelako edo txikiegiak zirelako, baina lortu genuen ikerketa egiteko lagina behitzat", kontatzen dute elkarte bidetako bozeramaileek.
Daborduko, ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte, eta, horien arabera, Erandio lehen postuan geratu da, Bartzelonako bataz bestekoa bikoiztuz, eta Madrilgoa laukoiztuz. "Harrituta geratu gara, pentsatzen genuena baino askoz emaitza txarragoak dira", deitoratu dute. Altzaga eta Astrabudua auzoetan ere kutsadura maila altua ateratzea ez zuten espero; baina ez hori bakarrik, landa-eremuetan ere kutsadura-maila oso altuak atzeman dituzte, eta "hori ez da estatuko beste inon gertatu".
Azterketa sakona eta kontrolak
Emaitzoi esker Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak beraien eskaerak arrazoitzeko oinarri finko bat dute, eta, besteak beste, Erandioko Udalari eskatu diote kutsadura atmosferikoaren azterketa sakona egin dezan, udalerriko hainbat puntutan neurgailuak eta kromatografoak jarriz.
Bestalde, emaitzok herriko osasun zentroari, alderdi politikoei, Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinei eta Arartekoari ere helarazi dizkiete, bakoitzak bere lan-eremuan neurriak hartu ditzan; besteak beste, ikerketa sakonagoak egiteko eskaera egin diete agente ezberdinei, eta, bestetik, ingurumen-baimen integratuak betetzeko kontrol handiagoa eskatu diete.