Gasolinoak irteera gidatu gehiago egingo ditu abendura bitartean

Ander Zarraga 2021ko aza. 5a, 12:04

Gasolinoaren artxiboko irudia.

Azaroan eta abenduan sei irteera gidatu egingo ditu Erandioko gasolinoak itsasadarrean zehar. Txangoek zazpi euroko prezioa izango dute, eta, itsasoratzeko, aldez aurretik izena eman beharko da.

Erandioko gasolinoak udan zehar egin dituen irteera gidatuek izan duten arrakasta ikusita, Udalak beste sei irteera antolatu ditu. Hala, itsasadarraren ondare kultural eta industriala ikuspegi paregabe horretatik ezagutzeko aukera egongo da abendura bitartean.

Erandioztarren artean izan duen harrera ona ikusita, eta mota horretako bidaiek duten eskaria kontutan izanda, Udalak beste sei irteera antolatzea erabaki du: azaroaren 6an eta 20an eta abenduaren 4an egingo dituzten irteerak Abra noranzkoan joango dira, eta, aldiz, azaroaren 13an eta 27an eta abenduaren 11n gasolinoa ibaian gora joango da San Anton zubira arte. 

Irteeretan gidari batek azalpen elebidunak emango ditu itsasadarreko ondare industrial eta kulturalaren inguruan, Bilboko portuaren sorrera kontatuko du eta ibaiak Erandion izan duen eragina deskribatuko du, besteak beste.

Txangoetako edukiera 30 bidarikoa da eta izen-ematea turismoa@erandio.eus helbide elektronikoaren bitartez egin beharko da. Txartelen prezioa zazpi eurokoa izango da; 18 urtetik beherakoek hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta lau urtetik beherakoek dohainik bidaiatu ahalko dira.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun