Erandioko auzo-elkarteek eta talde ekologistek Astrabuduko ibarreko hezegunea berreskuratzeko eta babesteko beharra adierazi dute; izan ere, eremu natural horrek "premiazko kudeaketa-plan bat" behar duela adierazi dute; "hain baliotsua den, baina abandonatuta dagoen eremu hori babesteko". Erandioko Auzokideok taldeko kideek azpimarratu dutenez, "hezegunea estrategikoa da erandioztarren bizi-kalitaterako, gune berde bat suposatzen duelako hainbeste porlanen artean".
Zentzu horretan, Erandioko Udalak lehen pauso bat eman du eta hezegunearen balioa azpimarratzeko informazio-panel bat jarri du. Bertan, Astrabuduko hezegunearen garrantzia azaltzeaz gain, bertan bizi diren animalia eta landareen berri ematen du. Panelean azaltzen denez, Astrabudukoa bezalako hezeguneek berebiziko garrantzia dute ur geza garbitu, biodibertsitatea areagotu eta uholdeen aurkako mekanismo natural moduan funtzionatzen dutelako, besteak beste.
Auzokoa Herrikoi eta Herri Bideak Kate Barik elkarteek ontzak jo dute informazio-panela bertan jartzea, eta iragarri dutenez, "Astrabuduko ibarreko hezegunea berreskuratzeko lehen urratsa da". Hala ere, erakunde publikoen aldetik interes falta dagoela deitoratu dute, eta gunea etengabe hondatu dela salatu dute, erakunde batek ere ez baitu hori kudeatzeko ardura hartu, eta, azkenaldian, baratze eta etxola ilegalak asko ugaritu direlako, hezeguneari kalte handia eraginez
Horregaz bukatzeko, aipatutako elkarteek arrazoibideak aurkeztu dituzte Lurralde Plangintza Partzialean, Udondo ibaiaren, Bolueko hezegunearen eta Nerbioi ibaiaren itsasadarraren arteko lotura ekologikoa egin dadin.
Hezegunearen balioa
Horretaz gain, URAk –Uraren Euskal Agentziak– egindako azken ikerketan jakinarazi zuenez, arriskuan edo babestuak dauden hainbat animaliaren bizilekua ere da hezegunea, gainera, beste hegazti askok migrazioetan atsedenaldirako erabiltzen dute: lezkari arrunta, txilinporta txikia, apoarmatu legenarduna edo arrain arantzaduna besteak beste. Horietaz gain, hainbat aingira, lertxun edo ahate bizi dira hezegunean, eta lezkadien garrantzia ere nabarmendu zuten, txoriei aterpea eta habia egiteko lekua ematen baitiete.