Domekan, martxoaren 6an, 200 erandioztar inguru elkartu ziren Altzagan familia batek okupatutako etxearen atarian. Etxebizitzaren jabea den emakumeak eta Erandioko Auzokideok elkarteak egin zuten deialdia sare sozialen bitartez, eta erakunde publikoen erantzun ezaren aurrean.
Auzo-elkartekoek azaldu dutenez, "ez da banku edo inbertsio-funts baten jabetzako dozenaka etxebizitza huts horietako baten okupazioa. Familia baten etxebizitza bakarra da, eta horren hipoteka, argia, ura eta saneamendua ordaintzen jarraitzen dute". Halaber, gaineratu dute gatazka-egoera horren erantzukizun parte bat justiziari, alderdi politikoei eta erakunde publikoei dagokiela, "euren ekintza ezak eta utzikeriaren ondorioz, beren errua dute gizartean sortzen den gogaitasunari eta gatazkari dagokienez".
Horretaz gain, Erandioko elkarte eta alderdi politikoei dei egin diete familia babestu eta arazo hori konpontzeko lan egin dezaten. Bestalde, arazoaren bilakaeraren arabera ez dituzte mobilizazio gehiago baztertu.