Itsasadarreko azken ikur frankista suntsitu du Ernaik

Ander Zarraga 2022ko mar. 23a, 09:11

Barakaldon suntsitutako gurutzea kokatzen zen lekua. © ERNAI

Barakaldon zegoen ikur frankista kentzeagaz batera, Bizkaiko azken ikur frankista publikoa kendu dutela adierazi dute Ernaiko kideek; gaineratu dutenez, Erandion zegoen beste gurutzea ere beraiek kendu dute. Astelehenetik martitzenenera egin zuten erasoan, Gerra Zibilean Cabo Quilates presondegi-itsasontzian errepublikanoek hildako preso nazionalen omenez erregimen frankistak jarritako gurutzea suntsitu zuten.

Ernai gazte antolakundeak bere gain hartu ditu Barakaldon eta Erandion egindako gurutze frankisten aurkako erasoa: "Itsasadarraren bi aldeetako monumentu frankistak kenduta daude". Astelehenetik martitzenerako gauean, martxoaren 21tik 22ra, egin zuten Barakaldoko ikurraren aurkako ekintza, eta, horren aurretik, Erandiokoa ere suntsitu dutela adierazi dute. azpiamrratu dutenez, ekintza horren ondorioz Bizkaian ez da geratzen "monumentu frankista publikorik".

"Faxismoa indartzen eta 1978ko Espainiako erregimenean inpunitate osoz jarduten ari den estatuaren oinarri faxista" salatzeko eta borrokatzeko beharra ere aldarrikatu du Ernaik, "Euskal Herriaren memoria justu eta demokratikoa defendatzeko".

Halaber, ikur frankistak kaleetatik kentzeaz gain, erakundeen pasibotasuna ere salatu dute, eta, azken urteetan, Ondarroako, Lemoako Gantzabal mendi gaineko eta Buruntzako (Gipuzkoa) monumentu frankistak ere eraitsi dituztela gaineratu dute. Barakaldo eta Erandioko gurutzeen desagerpenagaz, Bizkaiko kaleetan horrelako ikurrik ez dela nabarmendu dute.

Gerra Zibilean, Cabo Quilates zamaontzia konfiskatu eta errepublikanoek nazionalentzako espetxe gisa erabili zuten. Matxinatuek Bilbo eta inguruko herrien aurka egindako bonbardaketen ondoren, herritarrek eta milizianoek Barakaldoko dartsenan zegoen itsasontziari eraso egin zioten, eta nazionalen alde egin zuten hainbat preso exekutatu zituzten. Erregimen frankistan horiek gogoratzeko gurutze bi eraiki zituen itsasadarreko ertzetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun