Getxo da eskualdeko udalik aurreratuena, altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadura frankistaren errepresioa goresten dituzten ezkutu, intsignia, plaka, busto edo oroitzapenezko bestelako objektu edo aipamenak kentzen. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren arabera, Udalak 9 plaka kendu ditu 2015etik hona. Halere, oraindino etxebizitzetako 3 plaka geratzen dira, Gogorak egindako zenbaketari jarraiki. Udalak ekainean adierazi zuen "laster" kenduko zituztela.
Leioan, horrelako plakak identifikatu dituzte azken urte biotan eta orain horiek kentzea falta zaie. Sopelan, ostera, oraindino ez dute identifikazio-prozesua amaitu. Azkenik, Erandion, Udalak 22 auzokide-komunitateri eskatu zien baimena fatxadan eta atarian dituzten plaka frankistak kendu ahal izateko, Egokiñe Angulo zinegotziak joan den apirilean jakinarazi zuenez.
Bestalde, Gorlizek 2015eako otsailean iragarri zuen daborduko udalerrian ikur frankistarik ez zela. 2013an abiatu zuten frankismoa kaletik ezabatzeko kanpaina, Arantza Etxebarria alkate jeltzaleak auzokideei bidalitako gutun baten bidez.
Aurreko urteotan, udalek ez ezik herri-mugimenduek ere desagerrarazi dituzte ikur frankista asko. Besteak beste, Erromok Intsumisioa, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, Herri Norte Taldea, Itzubaltzeta Gaztetxea, Sare Antifaxista, Itzubaltzetako Txosna Batzordea, Jarrai, Segi eta Plaza Beltza eragileek horrelako ekintzetan parte hartu dute, Uribe Kostan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinbolo frankistak kentzeko, Jaurlaritzak 30.000 euro inbertituko du, Gogora Institutuaren bidez. Udalek eta Mankomunitateek eskatu ahal izango dute laguntza horiek; bakoitzak gehienez jota 7.000 euro jaso ahal izango du.
Eusko jaurlaritzak gogorarazi duenez, "sinbolo frankistak kentzea udalen eskumena da".