Erandioko Gestamp Try Outeko ABEEa baliogabetu du epaitegiak

Iker Rincon Moreno 2022ko mar. 25a, 12:19

Erandioko GTO enpresako langileak Gestamp taldearen bulegoen atarian, Derion. © ELA SINDIKATUA

Sententziak onartu du beharginen lagapen irregularra egon dela Erandioko lan zentroan, eta baliogabetu egin du joan den uztailetik indarrean dagoen aldi baterako erregulazio-espedientea (ABEE). Hala, enpresak langile guztiak lanean jarri beharko ditu laster, ELA sindikatuak iragarri duenez.

Gestamp Try Out enpresako langileak hilabeteak daroatzate bigarren mailako beharginak direla salatzen, eta, horren harira, Bilboko Lan Arloko epaitegiak ebatzi du Gestamp Tooling Erandiok egin duena legez kanpokoa dela, ELA sindikatuak jakinarazi duenez.

Lan Ikuskaritzak egindako txostenak zioen Gestamp Tooling Erandio eta Gestamp Try Out enpresetan langileen lagapen irregularra egiten ari zela, eta horixe ontzat hartu du epaiak. Hala, aldi baterako erregulazio espedientean dauden langile guztiak lanean hastea ahalbidetu beharko luke enpresak laster.

"Ez da azken asteetan enpresaren aurka eta langileen alde lortutako epai bakarra. Orain arte, lagapen irregularraren harira eskuratutako epai indibidual guztiek langileari ematen diote arrazoia, eta enpresari eskatzen diote arazoa konpon dezala", azaldu du sindikatuak. Hori horrela izan arren, baina, Gestampek lan-gatazkagaz epaitegietan jarraitzeko aldeko apustua egin duela deitoratu dute langileen bozeramaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun