Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako sortutako diziplina da boccia, eta aste-akabu honetan Estatuko selekzioen txapelketa egingo dute Erandion, Udalak Haszten kirol inklusiboa bultzatzeko erakundeagaz adostutako hitzarmenari esker.
Bereziki dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako diseinaturiko kirola da boccia. Hasiera batean, garuneko paralisia zuten jokalariek bakarrik praktikatzen bazuten ere, gaur egun, gurpil-aulkietan dauden eta gorputz-adarretan desgaitasun osoa edo partziala dute pertsonek praktikatzen dute, emakumeek zein gizonek.
Aste-akabu honetako txapelketa Euskadiko Kirol Egokiturako Federazioak, Haszten erakundeak eta eskuratutako garuneko paralisia eta kalte zerebrala duten pertsonen Espainiako Federazioak antolatu dute. Bertan, Madrileko, Valentziako, Kataluniako eta EAEko 21 urtetik beherako 22 jokalarik parte hartuko dute. Euskal taldeko ordezkarien artean Haszten taldeko lau kidek ere parte hartuko dute Euskal selekzioko taldean.
Zapatuan hasiko da txapelketa Erandioko Altzaga kiroldegian eta egun osoan zehar arituko dira taldeak, 09:30etik 18:30era. Domekan, 09:30etik 14:00etara jokatuko dituzte partida erabakigarrienak.