Bigarren Gasolino Eguna maiatzaren 29an ospatuko dute erandioztarrek. Antolatzaileek argi dute egunaren helburua Gasolinoa babestea izango dela, hainbat urtez itsasadarreko ertz biak elkartu dituen zerbitzuaren etorkizuna koloka larrian baitago. Horretarako, inguruko udalei, Aldundiari eta Bilboko Portuko Agintaritzari eskatuko diete arduratzeko eta zerbitzua bideragarria izateko jardun dezaten. Ekimena antolatu eta babestuko dute Erandioko Auzokideok plataformak, Boteros de la Ría, Mendibitarte eta Altzaga abesbatzek eta herriko hainbat ostalarik eta merkatarik.
"Gasolinoak asko eman die erakunde horiei ere, eta uste dugu haien jardueragaz konprometitzen diren heinean zerbitzuak eta bere itsasontziek gure paisaiaren eta memoriaren zati izaten jarrai dezaketela", adierazi dute antolatzaileek. Zentzu horretan, Gasolinoak gaur egun dituen arazoetako batzuk konpontzeko neurri zehatzak ere plazaratuko dituzte: itsasbeheran Gasolinoak nabigatzeko arazoak ditu, beraz, Portu Agintaritzari exijituko diote arduratu dadila: "Bilboko portuari eskatzen diogu zerbitzu horrek eman dion guztia gogoratzeko eta, batez ere, bere historiarekin eta ondarearekin sentibera izateko".
Bestalde, egun horretan, omenaldi bat ere egingo diote herrian oso maitatua den Begoña Urkijo Begotxu erandioztarrari; "Erandiori eta bere jendeari bizitza osoan oparitzen dion maitasun eta alaitasun guztia itzultzen saiatuko gara", iragarri dute.
Horretaz gain, erakusketa bat ere egongo da Gasolinoaren historia azalduko duena, eta ez da musikarik faltako. Gaineratu dutenez, ostalari eta dendari askok parte hartu dute ekimenaren antolaketan eta, horregatik, jaialdia herriko kaleetara eraman gura dute, omenaldia egin ostean.
Zerbitzu historikoa
Erandio eta Barakaldo elkarlotu dituen Gasolinoak historia luzea duela azpimarratu dute ekimenaren antolatzaileek: "Daborduko, 1800. urtean, erandioztarrentzako doako uda-zerbitzu komunal bat zen; gaur egungo inolako garraio-zerbitzu publiko ez bezala".
XIX. mendearen lehen hamarkadetan zerbitzua ordainpekoa izatera pasatu zen, Laureano Jadok bereganatu zuenean, Erandioko Udalak beragaz zuen zor handi bat kitatzearen truke. Industriak garrantzia handia izan zuen garian, berebiziko zerbitzua izan ze langileen joan-etorrikako; izan ere, itsasadarrean zeuden horrelako itsasontziek 18.000 langile eraman zitzaketen egunero. Lantegietan sartu edo irteteko orduetan lau edo bost ontzi egon zitezkeen lanean aldi berea, eta zerbitzua 30 behargin baino gehiago edukitzera heldu zen.
Industriaren gainbeherak langileen bidaiatzeko beharra gutxitu zuen. Horren ondorioz, Boteroek Gasolinoa mantentzeko beste diru-iturri batzuk bilatu behar izan zituzten: txangoak, jaietarako alokairua eta bestelako zerbitzuak. Hala ere, gaur egun, nekez garraiatzen ditu 200 bidaiari, eta Aldundiak Erandio eta Barakaldo lotzeko egin gura duen zubia bere Gasolinoaren hilkutxako azken iltzea izan daiteke.