Gasolinoak bisita gidatuak egingo ditu aurten ere

Ander Zarraga 2022ko mar. 31a, 14:33

Bigarren urtez, Erandioko Gasolinoak bisita gidatuak egingo ditu itsasadarretik. © ERANDIOKO UDALAK

Iazko arrakasta ikusita, Erandioko Gasolinoak bisita gidatuak errepikatuko ditu apiriletik azarora bitartean. Aurrekoetan bezala, ateraldiak Bilbo edo Abra noranzkoan egingo dituzte, eta gida elebidun batek itsasadarraren historia eta ondarea ezagutzera emango ditu.

Gasolinoaren bisita gidatuek iaz izan zuten arrakastaren ondoren, apirilaren 23tik aurrera itsasadarra itsasontzi historiko batetik ezagutzeko aukera bueltatuko da. Iaz hasi ziren bisita gidatuek hainbat bisitari erakarri zituzten, bai herrikoak baita kanpokoak ere. Izan ere, Gasolinoaren egungo egoera ekonomiko larria arintzeko asmoagaz sortutako bisita gidatuak hainbat herritarren eta Erandio eta Barakaldoko Udalen ekimenaren ondorioz sortu ziren.

Jorge Gonzalez turismoko zinegotziak zehaztu duenez, bisita gidatuak 2022ko apirila eta azaroa bitartean egingo dituzte. "Bisiten helburua itsasadarreko paisaia eta industria-ondarea ezagutzera ematea izango da, gaur egungo testuinguruan kokatuta eta gure udalerriko historia ezagutzera emateko helburuagaz".

Aurrekoetan egin duten bezala, bidaia mota bi egingo dituzte: alde batetik, Erandioko moilatik San Anton zubira joango direnak itsasadarrean gora apirilaren 23an, maiatzaren 21ean, ekainaren 11n, uztailaren 23an eta irailaren 17an egingo direnak; eta, bestetik, bost ateraldi egingo dituzte Erandiotik Abra bokalera maiatzaren 7an, ekainaren 4an, uztailaren 9an, irailaren 3an eta urriaren 1ean.

Ateraldi guztiek euskaraz zein gazteleraz azalpenak emango dituen gida elebidun baten laguntza izango dute. Horrek, industriaren eta merkataritzaren historiagaz zerikusia duten gaiak azalduko ditu, eta Bilboko lehen merkataritza-portua sortu zenetik historia hurbilera arte itsasadarrak izan duen paperean sakonduko du.

Ateraldiak 12:00etatik 14:00etara izango dira, eta gehienez 30 lagun ontziratu ahalko dira bakoitzean. Izen-ematea turismoa@erandio.eus helbide elektronikora idatziz egin beharko da eta, bidaia bakoitzaren prezioa zazpi eurokoa izango da; adingabeek hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta dohainik izango da lau urtetik beherakoentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun