Erandioko Udalak jakinarazi duenez, Cables y Alambres lantegiko lurzoruaren leheneratzeko lanek bost milioi eurotik gorako kostua izango lukete, baina gobernu-taldeak gura duen bezala legez ezarritako aparkaleku-kopurua handitzen bada, esku-hartzearen kostua bederatzi milioi eurorainokoa izan liteke.
Erandioko Udalak Cables y Alambres lantegi zaharrean egin gura duen hirigintza-proiektuetako giltzarri bat dira aparkalekuak. Legez, etxebizitza bakoitzeko aparkaleku bat jarri beharko lukete, baina Altzagan aparkatzeko dauden arazoak direla eta, 2,5 leku jarri gura ditu Udalak. Horretarako, lurrazpiko garajeetarako bi solairuko lurrazpiko aparkalekua eraiki gura du, eta horrek, nahitaez, indusketa handiagoa eta lurzoruaren kalitate-adierazpena lortzeko gastu handiagoa suposatuko luke, bederatzi milioi euroraino handituz.
Horretaz gain, zehaztu dute lantegiaren eraisketa ez dela gauzatuko 2024ko lehen lauhilekora arte, hau da, proiektua onartu eta urtebetera. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean ingurumen-baldintza guztiak bete eta izapide berezi guztiak amaitu ondoren egingo lukete esku-hartzea.
Berdeguneak
Zonalde horretako lurrak berreskuratu ondoren, Udalak azaldu du berdeguneen eta gune libreen sistemaren hornidura-maila egokia bermatuko duela, eta horretarako, itsasadarrera begira, Urdanetagaz mugakidean izango den plaza handi bat jarriko duela zehaztu du; horren azpian joango omen litzateke aparkalekua.
Horretaz gain, udal-iturriek zehaztu dutenez, 40.000 metro koadrotik, 33.000 metro koadro, hau da, % 82a, geratuko omen da eraikuntzarik gabe; eremu horretan jarri gura dituzte plaza biak eta berdeguneak. Horretarako, landarediaren estandarra indarrean dagoen legezko gutxienekoaren % 15 hedatuko omen dute, 700 unitatera iritsi arte; horiek eremuan bertan edo Udalak finkatzen dituen beste leku batzuetan kokatu ahal izango direla zehaztu dute.
Bestalde, egingo dituzten etxeak bloke lineal irekiko bizitegi-eraikinak izango direla adierazi dute, "itsasadarrarekiko perpendikularrean, aurrealde horren eta hirigunearen arteko oinezkoentzako iragazkortasuna errazteko".