Itsasadarraren eskuinaldeko itxura eraldatzen ari da etengabe azaltzen ari diren egitasmoei esker: itsasadarreko bulebarra, ertz biak lotzeko zubia, Lamiakoko padura berritzeko eskaera... Oraingoan, Erandioko Cables y Alambres enpresaren 40.000 metro koadroko lantegi zaharrean egin gura duten hirigintza-proiektuaren berri eman du Udalak. Azpimarratu dutenez, "ingurua berroneratzeko eta birgaitzeko jarduera garrantzitsua aurreikusi da, bai hirigintzakoa, bai ingurunekoa ere".
Ezagutzera eman duten egitasmoaren arabera, 356 etxebizitza eraiki gura dituzte bertan. zehaztu dute babes publikokoak eta alokairukoak izango direla horietako asko: "Erandion dagoen alokairuko etxebizitza publikoen beharra ikusita, Udalak konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzagaz akordio bidez, helburu hori lotzeko, dela zuzkidura-bizitokietara bideratukotako emaitzazko lurzatian, dela BOEk erabiltzera bideratutako lurzatian".
Horretaz gain, jarduera ekonomikoen hirugarren sektoreko erabilerarako 7.200 metro koadro hartuko dituzte, baina merkataritza-zentro handien zabalera eragozteko, erabilera komertzialerako lokalen zabalera maximoa 900 metro koadrokoa izango da. Aisialdirako eta gune berdeentzako tokia ere gordeko dute, hala nola Irailaren 23a hirukoiztuko duen plaza bat eta hori baino 1,5 aldiz handiagoa izango den beste bat.
Egitasmoari esker, Altzagako aparkaleku-arazoari irtenbidea ere eman gura diote; izan ere, 1.000 plaza inguru sortuko dituzte inguru horretan. Zehaztear dago lurpean joango diren aparkalekuak solairu batekoak edo bikoak izango diren, hori legeak ezarritako aparkaleku kopuru minimoa gainditzeko aukeraren arabera izango dela esan dute.
Langileen babesa
Udalak gaineratu duenez, desagertutako Cables y Alambres enpresako langile ohiek babesa eman omen diote aurkeztutako proposamenari, "baldin eta proposamenak likidazio-lehiaketan betetzeke geratu ziren lan-eskubide guztiak asebetetzea ahalbidetzen badu, jarduera eten zen eguneko lantalde osoarentzat". Hau da, proiektuak langileei zor zaizkien 8,2 milioi euro inguruko konpentsazioa ordaintzea ahalbidetzen badu, hain zuzen ere.