Herri Bideak Kate Barik elkarteko kideak dira ekimenaren antolatzaileetako batzuk, eta, azaldu dutenez, beraien helburua da hezegunearen garrantzia aldarrikatzea, eta bertako flora eta fauna ezagutzera ematea; izan ere, duela gutxi egindako azterlanek arrain arantzadunaren eta babestutako burruntzi espezie baten presentzia adierazi dute, besteak beste. Era berean, inguru horren egungo egoera kaxkarra ere azaleratu gura dute, ur beltzek eragindako kutsadurak eta legez kanpoko baratzeek hezegunea hondatu eta lehortu baitute, ekosistema andeatuz.
"Hezegunea ekintza txikien bidez berreskuratu daitekeela azalduko diegu bertaratzen direnei, gaur egun, ingurua nahiko hondatuta baitago", iragarri dute antolatzaileek. Horretarako, 11:15ean bisita gidatua egingo dute hezegunea aztertzen egon diren adituen azalpenakaz.
Aldiz, 11:30ean, sei eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzako ginkana bat egingo dute hezeguneko ingurua ezagutzen duten bitartean ondo pasa dezaten. Horregaz batera, beste ekintza batzuk ere egingo dituzte, hala nola maiatzean eraikitako intsektuen hoteleko bisitarien berri emango diete umeei.