Erandioko tren-kotxetegi berriak 7.000 metro koadroko azalera eta 20 unitate hartzeko edukiera izango ditu

Ander Zarraga 2022ko urr. 27a, 08:32

Erandioko Arriaga auzoan dagoen Playababarriko eremuan egingo dute ETSko tren-kotxetegi berria.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak astelehenean argitaratutako proiektuan jasotzen denez, Playabarriko tren kotxetegietan Euskotrenek bere gain hartuko duen metroaren 5. lineari erantzuteko beharrezko trenak gehitzeko balioko du. Lanek 22,6 milioi euro inguruko kostua eta 20 hilabeteko epea izango dute.


Erandioko Playabarri industriagunean eraikiko duten tren-kotxetegiaren proiektua. EUSKAL TRENBIDE SAREA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jakinarazi duenez, Sarratutik Usansoloko Ospitalera doan metroaren 5. linearen tren-azpiegitura berriaren zerbitzua emateko tren kopurua areagotzea aurreikusten dute. Horren aurrean, Euskal Trenbide Sareak "ezinbestekotzat" jo du trazaduraren inguruetan estrategikoki banatutako kotxetegiak izatea. Erandion egingo dute azpiegituraren kasuan, metroaren 3. eta 5. lineetatik hurbil egongo da, baita Txorierri, Busturialde eta Durangalde aldera doazenetatik ere. Eraikuntza-proiektuaren idazketa amaitu arte, kalkulatutako aurrekontua 22,6 milioi eurokoa da (BEZik gabe), eta 20 hilabete inguruko exekuzio-epea izango du.

Horretarako, aukeratutako lursaila Erandioko Playabarri industrialdean dago, Arriagako tunelaren hegoaldeko ahoaren ondoan eta Asua ibaiaren ertzean. Trenentzako kotxetegiak erabilera anitzeko eraikin bategaz eta tren-zerbitzuaren ustiapenagaz lotutako langileentzako aparkalekuagaz osatuko dira, baita materiala biltzeko eta mantentze-bideakaz ere.

Plan horren eraginpeko eremuak 21.984 metro koadroko azalera hartuko du guztira, eta horietatik 6.895 metro koadro unitateak gordailatzeko izango lirateke. Nabe horrek 150 metroko luzera, 46 metroko zabalera eta 12 metroko altuera izango ditu, barrualdean hogei bat tren hartu ahal izateko. Trenbidearen eremua osatuko dute 11 burdinbidek eta Lutxana-Lezama trenbide orokorragaz lotzeko bi bidek. Kotxetegien albo batean bide bat ere jarriko dute, unitateak garbitzeko eta zerbitzatzeko.

Gaineratu dutenez, Arriagako kotxetegiak eraikitzeak Kukullagako geltokitik gertu dauden trenbideak askatzea ahalbidetuko du. Lehen, Busturialdeko eta Durangaldeko trenak Atxurira bidean zihoazen, eta, orain, Euskotrenen unitateak hartzen dituzte, behin-behineko gordailu gisa. Horrela, Boluetatik Kukullagarako tranbiarizazioari amaiera eman gura diote, eraikuntza-proiektua esleitzear baitago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun